Amurrioko Udalaren 2021eko aurrekontu-proiektua 15.401.948 milioi eurokoa da

Amurrioko Udaleko gobernu-taldeak 2021eko ekitaldirako duen aurrekontu-proiektua Covid-19aren pandemiak sortutako testuinguru sozioekonomikoak markatu du. Kontuak 15.401.948 eurora heltzen dira, eta helburua, COVID-19ak pertsona ahulenen eta sektore ekonomiko kaltetuenen artean izan dituen ondorioei aurre egitea da, pertsonak eta haien ongizatea, zerbitzu publikoak eta enplegua udal-politiken erdigunean jarriz.

Txerra Molinuevo alkateak azaldu duenez, aurrekontuek “pertsonak udal politikaren erdigunean jartzea eta zerbitzu publikoak hobetzea dute helburu. Aurrekontu zorrotza, errealista eta iraunkorra da, inoiz ezagutu gabeko osasun, ekonomia eta gizarte arloko larrialdi agertokiari aurre egiteko”.

Inbertsioen kapituluak aurrekontuaren % 16,15 hartzen du, hau da, 2.487.700 €. Inbertsio horien artean daude Etxegoienbidean aparkaleku bat eraikitzea, eta horrek, halaber, bizikletentzako eta oinezkoentzako sarbidea izango duen eremua berroneratzea ekarriko du. Lan horiek amaitzeko, argiteria berriztu egingo da, energia-eraginkortasun irizpideak kontuan hartuta, eta Larrabeko zabortegia behin betiko zigilatuko da. Udalerriko saneamendu-sareak berritzeko lanek ere jarraitu egingo dute. Skate park bat ere eraikiko da, aisialdirako espazio berriak eskainiz, ludoteka egokituko da, eta padel eta tenis pista estaliak eraikiko dira Reforren. Gainera, Berdintasun Sailak emakumearen etxearen inguruko diagnostikoa landuko du eta Amurrioko V. Berdintasun Plana lantzen hasiko da.

“Aurrekontuak, udalerriko proiektu estrategikoetan aurrera egiten jarraitzeko inbertsio-atal garrantzitsu bat ere jasotzen du, Amurrio atseginago, irisgarriago eta jasangarriagorantz pausoak ematen jarraitzeko helburuarekin”, azaldu du Amurrioko Udaleko alkateak.

Egungo ezegonkortasun eta ziurgabetasun ekonomikoak erantzukizunez jokatzea eskatzen du. Gizarte arloko eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko lehentasunak aurrekontu-proiektuaren bi ardatz garrantzitsu dira. Batetik, gizarte-zerbitzuetara zuzendutako partida handitu egin da, eta, bestetik, merkatari txiki eta ertainen Apymca elkarteari merkataritzarako bonu-kanpainak bultzatzeko emandako diru-laguntza handitu egin da. “Ekonomia suspertzeko iazko udan martxan jarri zen ‘Amurrion bizi’ kanpainaren helburuei jarraipena emango diegu, herritarrei, egoera zaurgarrian dauden pertsonei eta egungo egoerak gehien kaltetutako sektoreei zuzenduta”, azaldu du Molinuevok.

Enplegura bideratutako partidak bere dotazioari eutsiko dio eta 408.569 euro izango ditu udal, gazte eta eskualde mailako enplegu planak bultzatzen jarraitzeko. Gainera, 167.000 euro bideratuko dira udalerriko Administrazio Batzarretan egin beharreko jarduketetara, eta 100.000 euro auzoetako batzarretatik sortutakoetara. Bestalde, herritarren parte-hartzearen arloa indartu egingo da herritarren partaidetza aktiboan eta gizartea eraldatzeko gaitasunean oinarritutako partaidetzazko ekintzak bultzatzeko.

Kultura bultzatzea izango da, aurrerantzean ere, Udalaren balio garrantzitsuenetako bat, iaz bezala, kultura kalera ‘atereaz’, herritar guztien gozamenerako. Bestalde, Amurrion egiten diren jarduera askoren ardatz nagusia den udalerriko elkarte-sareak aurrekontuaren % 5 jasoko du, hau da, 771.705 euro.

“Covid-19ren pandemiak asko baldintzatzen du 2021erako aurrekontua, Arabako Foru Aldundiaren diru-bilketaren jaitsierarengatik, neurri batean, eta horrek FOFELen bitarteko diru-sarrera txikiagoa dakar. Ahalik eta adostasun handiena bilatuko dugu; izan ere, une delikatu honetan, aurrekontuak onartzea gure bizilagunen beharrei erantzuten jarraitzeko tresna da. Aurtengo aurrekontuetan, Amurrioko PSE-EErekin adostu ondoren iaz egin ezin izan ziren ekintzak jasotzen dira, eta gaiari berriro heldu ondoren, 2021ean gauzatuko dira”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

“Indarrak batzeko eta gobernu taldearekin elkarlanean aritzeko unea da. Amurriok erantzukizun hori merezi du, herritarrek egungo egoera konplexuan ditugun ezberdintasunak alde batera uzteko eskatzen digute. Gure zerbitzu publikoak finkatzera eta horretarako programa zehatzak dituen Amurrio inklusiboago baten alde lan egitera bideratutako aurrekontuak dira, eta ondo definitutako eta aukera politiko desberdinen artean partekatutako edukia dute”, azaldu du David Romero Amurrioko Udaleko PSE-EEko zinegotziak.