Amurrioko Udalak udal hilerriaren ordutegia zabaldu du jende pilaketak saihesteko, eta bisitak Domu Santu egunaren aurretik egitea gomendatu du

Azaroaren 1ean, igandean, ospatuko den Domu Santu eguna gertu dagoenez, Amurrioko hilerria, Covid-19a dela eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioetara egokitu da. Datozen egunetan jende gehiago bilduko dela kontuan hartuta, Amurrioko Udalak zabaldu egin du hilerria irekitzeko eta ixteko ordutegia, eta segurtasuna bermatzeko osasun neurrien protokolo bat diseinatu du.

Amurrioko herritarrei udal hilerriko bisitak errazteko asmoz, ohiko ordutegia zabaldu egin da, jende pilaketak saihesteko. Ostiral honetatik azaroaren 1era arte, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara egongo da irekita. Ahal den neurrian, hilerrira aurretik eta mailakatuta joateko eskatu die Amurrioko Udalak herritarrei.

Gainera, osasun neurrien protokolo bat diseinatu da, udal hilerriko bisitak modu seguruan egiteko.

  • Hilerrian ahalik eta denbora gutxien ematea gomendatzen zaie herritarrei.
  • Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dute maskara.
  • Gutxienez 1,5 metroko pertsonen arteko segurtasun tartea gorde beharko da.
  • Hilerriaren sarreran eta barruan gel hidroalkoholikoa hornitzeko hainbat puntu jarriko dira. Nahitaezkoa da eskuak garbitzea elementu komunak ukitu aurretik eta ondoren.
  • Aldi horretan eremu komunen garbiketa eta desinfekzioa indartuko da.
  • Domu Santu egunaren aurreko egunetan, Herrilaguntzaileek kontrol errondak egingo dituzte, jende-pilaketak saihesteko eta behar dituzten herritarrei eman beharreko argibideak emateko.
  • Covid-19arekin bateragarriak diren sintoma ohikoenetako bat duten pertsonek (sukarra, hotzikarak, eztula, aire-faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, muskuluetako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo gorakoak…) etxean egon beharko dute, eta ezin izango dute etxetik irten eta, ondorioz, hilerrira joan.