Amurrioko Udalak terrazen tasa kendu du 2020rako

Amurrioko Udalak, atzo egindako osoko bilkuran, Covid-19aren ondorioz kalteak jasan dituen ostalaritzari laguntzeko neurri gisa, terrazak erabiltzeagatiko 2020ko tasa etetea onartu du. Neurri horrekin batera, terrazen okupazio publikoa arautzen duen ordenantzaren indarraldia etetea ere onartu da, eta horrek terrazak handitzeko aukera emango du.

Terrazen tasaren ordainketaren etetea 2020 osoan aplikatuko da, eta horretarako 11 zenbakiko Udal Ordenantza Fiskalaren 6. eranskina aldatu behar izan da. Neurri horren ondorioz, Udalak ez ditu jasoko tasen 18.000 euroak, eta baliabide horiek udalerriko establezimenduen esku utziko ditu.

Terrazak handitzea

Sektoreari laguntzeko hartutako beste neurri bat terrazen instalazioa arautzen duen ordenantza etetea da. Ostalaritzako lokalek udaletxean egin ahal izango dute terrazak handitzeko eskaera. Gainera, gaur egun terraza jartzeko lizentziarik ez duten lokalek ere eskatu ahal izango dute. Ezohiko eta aldi baterako neurri horrek, aplikatu daitekeen kasu guztietan, jasandako eragin ekonomikoak arintzen lagunduko die sektoreko profesionalei.

Establezimenduek gaurtik aurrera egin ahal izango dute eskaera Udaletxean, eta eskaera horiek banan-banan aztertuko dira, bakoitzari okupazio-lizentzia jakin bat emateko, osasun-irizpideak kontuan hartuta, irisgarritasuna eta distantzia soziala, besteak beste.