Amurrioko Udalak telefono bidezko laguntza zerbitzua jarri du martxan bakardade egoeran dauden pertsonentzat

Amurrioko Udalak telefono bidezko laguntza zerbitzua jarri du abian, nahi gabeko bakardade egoeran dauden pertsonei zuzenduta. Udaleko hainbat sailek udal psikologo taldearekin batera egindako lanaren ondoren, gaurtik aurrera bakarrik sentitzen diren eta zerbitzua eskatzen duten pertsonei laguntzeko programa honi ekingo zaio.

“Duela hilabete gutxi bizi izan dugun konfinamendu esperientzia gure eguneroko jardunean elkarrekin harremanak izateko modua kolpatzen ari da. Covid-19tik eratorritako gizarteko mugek bakardade sentimendu ezezaguna sortu dute pertsona askorengan, eta kasu batzuetan, lehendik zegoen sentimendu hori areagotu egin da. Pertsonak, Amurrioko bizilagunak, egiten ditugun politiken erdigunean jartzea gure helburu sendoenetakoa da; horregatik, telefono bidezko laguntza zerbitzu hau bultzatu dugu, gehien behar gaituzten amurrioarrengandik ahalik eta gertuen egoteko”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Telefono bidezko laguntza zerbitzua beste eremu batzuetan, komunitatean edo aholkularitza klinikoan, besteak beste, ematen duen udaleko psikologo taldeak egingo du. Bakarrik sentitzen diren pertsonek, behar izanez gero, eurekin norbait dagoela jakin dezaten laguntza emozionala eskaintzea eta lotura ezartzea dira programa berri honen ardatz nagusiak. Profesionalekin telefonoz hitz eginez, entzute aktiboaren bitartez, pertsonek zuzenean adierazten dutena ez ezik, haien sentimenduak, pentsamenduak eta esaten ari denaren azpian dagoen bakardade eta zaurgarritasun sentsazioa ere hartuko dira kontuan.

Zerbitzua, beste batzuen artean, Udaleko gizarte zerbitzu, adineko, kirol eta herritarren parte-hartze sailekin koordinatuta emango da, bakardade sentimendua arintzeko estrategia bateratua lantzeko.

Abiapuntua

Covid-19aren pandemiak eragindako ondorioek areagotu baino ez dute egin pertsona batzuek pairatzen zuten bakardade sentsazioa. Udalak egindako aurretiazko azterlanek eta Amurrioko Adinekoen Kontseiluak berak egindako hausnarketek sentsazio hori indartu dute. Udaleko hainbat sailetik, gizarte zerbitzuetatik, adibidez, zenbait kolektiborekin telefono bidezko harremana indartu egin zen alarma egoeran geunden bitartean. Gainera, adineko pertsonei telefono bitartez laguntzeko zerbitzu espezifikoa jarri zen martxan, eta 1.341 dei egin ziren. Jasotako harrera onaren ondoren, bakarrik sentitzen diren amurrioarrei laguntzeko udal baliabide berri hau sortzeko bidea ireki da.

Telefono bidezko laguntza zerbitzu berrian sartzeko, eskaera inprimakia bete beharko da Udalean, psikologo taldea harremanetan jar dadin hala eskatzen duten pertsonekin. Zerbitzuari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, interesatuek 945891161 telefono zenbakira deitu dezakete.