Amurrioko Udalak ostalaritza sektorearen zerbitzura jarriko du komunitate-bitartekaritza zerbitzua

Amurrioko Udalak ostalaritza sektorearen esku jarri du beste arlo batzuetan martxan dagoen komunitate-bitartekaritza zerbitzua. Zerbitzu hori martxan jartzearen helburua, behar duten ostalaritzako establezimenduek merkataritzako lokalen alokairuaren ordainketari buruzko akordioak lortzea da. Horrela, beharrezkoa izanez gero, bi aldeek (errentatzaileak eta errentariak) adiskidetasunezko akordioak lortzea erraztu nahi da.

Zerbitzua banaka emango da, eta interesa dutenek 654176548 telefono zenbakira deitu ahal izango dute astelehenetan eta asteazkenetan, 8:30etik 14:00etara, Aitziber Hormaza bitartekariarekin hitzordua hartzeko.

Laguntzat ETEentzat eta autonomoentzat

Bestalde, irailean eskatu ziren enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntzak datozen egunetan ordainduko dira. Guztira, 220 laguntza eman dira, eta ‘Amurrion bizi’ programaren barruan 86.600 euroko partida ekonomikoa bideratu da osasun-krisiak eragindako ondorio negatiboak arintzeko eta tokiko ekonomia suspertzeko.

Terrazen tasaren kobrantza etetea

Amurrioko Udalak aurreikusitako beste neurri bat, osoko bilkuran onartu beharrekoa, terrazei dagokien tasaren kobrantza etetea da, harik eta mahaitxoen eta terrazen ordenantza berria prest egon arte. Une honetan ordenantza hori prestatzeko lanak egiten ari dira, covid-19ak sortutako egoera berrira egokitzeko. Neurri hori osoko bilkuran berretsi beharko da.