Amurrioko Udalak maskarak banatuko ditu 65 urtetik gorako herritarren artean

Datorren astean, Amurrioko Udala 65 urtetik gorako herritarrentzako maskarak banatzen hasiko da. Herrilaguntzaile taldea eta Amurrio Trail Taldea buru den boluntario taldea izango dira maskarak eta maskara horiek behar bezala erabiltzeko informazioa etxean banatzearen arduradunak. Udalaren lehentasunetako bat egoera arintzeko aldiari begira pauso seguruak ematea da. Hori dela eta, kolektibo horri maskarak emango zaizkio, zaurgarritasun handiagoko kolektiboa izan baitaiteke.

Egoera arintzeko pixkanakako malgutze neurriak berehala hasi behar direnez, Amurrioko Udala datorren astean hasiko da maskarak banatzen. Erabilera bakarrekoak izango dira, eta 65 urtetik gorako herritarrei emango zaizkie. Helburua, “kalera lehen aldiz irtengo diren herritarrek babestuta eta seguru irtetea da, eta ahal den informazio guztiarekin”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Datorren astetik aurrera, eta pixkanaka, herrilaguntzaile eta boluntario taldeak maskarak etxez-etxe banatzen hasiko dira. Maskara emateaz gain, maskarak modu egokian erabiltzeko informazioa eta arintze prozesuak kolektibo horretan dituen eraginei buruzko jarraibideak emango dituzte. Herrilaguntzaileen eta boluntarioen bisitaren bitartez, kolektibo horren egungo egoera zuzenean ezagutzea eta erabili ditzaketen informaziorako edo intereseko telefono zenbakiak zeintzuk diren argitzea ere bilatzen da.

Amurriok 65 urtetik gorako 2.264 pertsona ditu, eta maskara bat jasoko dute beraien etxean. COVID-19aren aurrean zaurgarritasun berezia duen kolektibo horretarako banaketarako Amurrioko Udalak erosi dituen, Tubacexek eman dituen eta EUDELek, Euskadiko Udalen Elkarteak, emango dituen maskarak erabiliko dira.

Udal psikologo taldea

Beste alde batetik, GAPPA Udal Psikologo Taldeak aurrera jarraitzen du, covid-19 koronabirusak eragindako alarma egoera hasi zenetik, 70 urtetik gorako Amurrioko biztanleei egunero deitzen. Horrez gain, laguntza psikologikoa behar duten amurrioar guztiei arreta ematen ere jarraitzen dute. Psikologo taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek 617074170 telefono zenbakira deitu dezakete.