Amurrioko Udalak hiru pertsona hartu ditu, enplegu planen bitartez

Amurrioko Udalak bi pertsona hartu ditu Lanbideren “Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren” bidez, 8 hilabetez, lanaldi osorako, bi programa gauzatzeko. Gainera, hilabete honen amaieran, beste pertsona bat hartuko da 6 hilabetez, lanaldi osoan, Lanbidek diruz lagundutako “Udal Liburutegiaren inbentarioa eta garbiketa” programaren barruan.

Udal Kultura Plana

Udal Kultura Plana idatzi aurreko informazioa aztertzeko hartu den pertsonak udal-informazioaren gaikako bilketari ekingo dio. Horri esker, Udaleko arlo soziokulturalaren helburuen eta ekintzen epe ertaineko ildoa markatuko duen dokumentua idazteko oinarria finkatu ahal izango da.

Epealdi horretan, sektorekako informazioa bilduko da, eta guneka bereiziko da. Gainera, horien ikuspegi ekonomikoa landu eta erabiltzaileen proiekzio historikoa taxutuko da. Informazio-bilketa horrekin batera, azpiegitura soziokulturalen azterketa egingo da, kudeaketa zuzeneko azpiegiturena eta elkarteei lagatako espazioena. Azken horiek ere aztertuko dira, komunitatearen garapen soziokulturalaren oso zati garrantzitsua baitira.

Martxan dagoen aldez aurreko azterketa egin ondoren gauzatu beharreko Udal Kultura Planak planteamendu bikoitza du. Alde batetik, prestakuntza eta parte-hartze kulturalaren arloekin erlazionatutako helburuak formulatzea, eta, bestetik, kulturaren hedapenarekin eta udal programazio egonkorrarekin erlazionatutako helburuak gauzatzea.

Hiri kudeaketa adimenduna

Enplegu planen bitartez lanean hasiko den beste pertsona batek hiri kudeaketaren zikloa hobetzeko oinarriak finkatzeko egingo du lan. Horretarako, bide publikoa kudeatzeko oinarri kartografikoa ezarri, eta kanpoko gorabeherak kudeatzeko sarbide bakarra sortzeko aukera aztertuko da.

Azkenik, hilabete honen amaieran, pertsona bat hartuko da 6 hilabetez lanaldi osoan, Lanbidek diruz lagundutako “Udal Liburutegiaren inbentarioa eta garbiketa” programaren barruan.