Amurrioko Udalak herrilaguntzaile taldea izango du bigarren urtez jarraian

Amurrioko Udalak berriro ekin dio iaz martxan jarri zuen herrilaguntzaile programari. Jasotako esperientzia onaren ondoren, urtarriletik aurrera, lau pertsonek, hiru emakumek eta gizon batek, osatutako herrilaguntzaile talde berria du Amurriok. Herritarrek erraz identifikatu ahal izango dituzte, ondo ikusten diren eta Herrilaguntzaile identifikazioa duten txaleko islatzaileak eramango baitituzte. Ekimena, eskualde mailako enplegu planaren bitartez gauzatu ahal izan da.

Prestakuntza aldiaren ondoren, herrilaguntzaile taldeak Amurrioko herritarren eta Udalaren arteko lotura lanari ekin dio. Herrilaguntzaile bakoitza udalerria banatu den lau guneetako batez arduratzen da, eta beraiek izango dira herritarren aldetik jasotako informazioa, kontsultak edo iradokizunak Udalera ematearen arduradunak, Udaleko sailekin koordinatuta egingo baitute lan.

Gertakarien berri jasotzeaz gain, udalerriko elementuen inbentarioak egingo dituzte, sentsibilizazio lana egingo dute, eta laguntza emango diete udal brigadei ekitaldi zehatzetan. Gaur egun, herrilaguntzaile taldea Amurrioko auzoetan ari da lanean, auzo horiek dituzten beharren argazkia emango duten inkestak egiten, martxoan auzoetako batzarren kanpainari ekin ahal izateko.

“Herrilaguntzaile taldeak Amurrion egiten duen lana funtsezkoa da, eta oso bide eraginkorra Udala herritarrengana hurbildu dadin eta, horrela, herritarren beharretara modu zehatzagoan heldu ahal izateko. Iaz martxan jarri zen herrilaguntzaile programaren esperientzia oso pozgarria izan zen eta, ondorioz, Udaletik, gertakarien kudeaketa eta udalerri osoa, hobetzen lagunduko duten horrelako programak bultzatzen jarraituko dugu”, azaldu du Josune Irabien, Amurrioko alkateak.

Amurrioko Udaleko partaidetza Sailak zabalik ditu gertakariaen berri jasotzeko ohiko bideak. Horretarako, Udalera deitu daiteke, mezu bat bidali partehartzea@amurrio.eus helbidera, www.amurrioincidencias.org webgunean sar daiteke edo WhatsAppeko 671074170 zenbaki berrira idatzi daiteke.