Amurrioko Udalak gasolindegia urbanizatzeko kontratazio prozesua hasi du

Biribilgunearen eraikuntzaz aparte, saneamendua eta argiak zaharberritzea eta bidegorria eraikitzea proiektatu da.

Amurrioko Udalak hasiera eman dio Aldai, Etxegoien eta Jose Medinabeitia kaleek bat egiten duten biribilgunea urbanizatzeko lanetarako kontratazio espedienteari. Une honetan gasolindegi bat dago bertan. Lanei esker, inguru horretako trafikoa berrantolatu ahal izango da. 

Biribilgunea berreraikitzeko lanen hasieran, bertan zegoen gasolindegi zaharra eraitsi eta lurreko kutsadura garbituko da. Biribilgunearen eraikuntzak zenbait jarduketa ekarriko ditu ingurunean, espaloiko tarte batzuk igotzea eta argiak eta ur zikinen eta saneamenduaren kolektoreak berriztatzea, besteak beste. Horrez gain, Aldai-Elexondo kaletik datorrenari jarraipena emango dion bidegorria egitea proiektatu da.

Lanek 575.777 euroko inbertsioa eskatuko dute, eta urtearen amaieran hasiko direla aurreikusten da.