Amurrioko Udalak etxeko hondakin handiak biltzeko protokoloa betetzeko eskatzen die herritarrei

Aiarako Kuadrilatik kudeatzen den etxeko hondakin handiak biltzeko zerbitzuak ostiral guztietan ematen du zerbitzua Amurrion. Azken asteetan zerbitzua modu desegokian erabili dela ikusita, Udalak etxeko objektu handiak uzteko ezarrita dagoen protokoloa betetzea eskatu die amurrioarrei.

Hondakin handiak, etxetik gertuen dagoen zabor edukiontziaren ondoan utzi beharko dira bildu aurreko eguneko arratsaldean, hau da, Amurrioko kasuan, ostegun arratsaldeetan atera beharko dira. Aurretik, 900101476 telefono zenbakira deitu beharko da edo Linea Verde aplikazio mugikorraren bitartez jakinarazi beharko da. Bertan intzidentzia bat sortuko da, kokalekua, argazkia eta deskribapen laburra adieraziz.

Objektu handiak Mendiko kalean dagoen Garbigunean ere utzi ahal izango dira asteko edozein egunetan, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara.