Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak lankidetzarako hitzarmena berriztatu dute

Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak aspalditik gauzatzen ari diren lankidetza hitzarmena berriztatu dute gaur goizean. 10.000 euroko laguntza jasoko duen proiektuak kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera eman nahi du, Indiako Anantapurreko barrutian dagoen Lepakshiko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Publikoan 8 ikasgela eraikiz.

“Anantapurreko barrutiko Lepakshi inguruko landa guneetako komunitateetan egoera eskasean dauden kolektiboetako gazteen artean bigarren hezkuntza publikorako sarbidea eta kalitatea hobetuz genero berdintasuna sustatzea” proiektuaren bitartez, Vicente Ferrer Fundazioak kalitatezko hezkuntza jasotzeko aukera eman nahi du, 8 ikasgela eraikiz eta sentsibilizazio tailerrak eta saioak eginez.

Aipatutako tailer eta saio horiek ikasleei, gurasoei, hezkuntza komunitateari eta gizarte zibil osoari daude zuzenduta, bigarren hezkuntza jasotzeak, jarraitzeak eta amaitzeak duen garrantziaz kontzientziatzeko, nesken kasuan batez ere. Lurralde horretan, hezkuntza jasotzeko orduan dagoen genero desberdintasunak, pobreziaren feminizazioa bultzatzen duten rolak iraunarazten ditu eta horiek bultzatzen dituzten ereduak errepikatzen ditu. Izan ere, emakumeak gizarteko leku nabarmenetatik eta kualifikatuetatik kanpo uzten ditu, eta baita erabakiak hartzeko prozesuetatik ere. Hori dela eta, hori izango da proiektuaren jarduketaren ardatzetako bat.

“Amurrioko Udaletik aurrera jarraituko dugu horrelako proiektuak bultzatzen, Udaletik emakumeen gizarte garapenerako eta ahalduntzerako bultzatzen ditugunekin bat datozelako. Prestakuntza eta hezkuntza dira berdintasunaren alde pausoak emateko eta emakumeak gizartean duen gutxiagotasuneko lekua betikotzen duten rolak apurtzeko bideak irekitzeko bide bakarrak”, adierazi du Josune Irabie Amurrioko Alkateak.