Amurrioko Udalak ekonomia biziberritzeko foroa jarri du martxan

Alarma egoeraren adierazpenak ekonomiako eta gizarteko ia sektore guztietan eragin duen egoera zailak eraman du Amurrioko Udala ekonomia biziberritzeko foroa sortzera. Foro horrek sektore arloko zenbait bilera bultzatuko ditu enpresa txiki eta ertainekin, gizarte arloko kolektiboekin, GKEkin edo industria sektorearekin, besteak beste, eta bilera horietan inplikatutako eragile guztiek hartuko dute parte. Lehenengo bilera bihar egingo da, Amurrioko ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektorearekin.

Foroaren helburua sektore guztien ardurak zuzenean ezagutzea da, jasaten ari garen ez ohiko egoerak eragindako ondorio ekonomikoak ahal den neurrian arintzera bideratuta aurrera eraman beharreko jarduketak egokitzen ahalegintzeko

Amurrioko ekonomia biziberritzeko lehenengo mahaiaren buru Josune Irabien alkatea izango da, eta Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkari politikoek, Udaleko eta Amurrio Bidean-eko udal langile teknikoek eta ostalaritzako, merkataritzako eta zerbitzuetako ordezkariek hartuko dute parte.