Amurrioko Udalak COVID-19ak eragindako egoerara egokitu du Give Box ekimena

Amurrioko Udalak Give Boxen funtzionamendua Covid-19ak sortutako salbuespen-egoerara egokitu du, horiek berriro erabili ahal izateko. Horretarako, erabiltzaileentzat jarduera-protokoloa ezarri da, eta aldian-aldian garbituko dira.

Udaletxean eta San Jose auzoan dauden Give Boxak segurtasun handienarekin erabili ahal izateko, armairu bakoitzean erabilera egoki eta segururako arauak ezarri dira. Give Boxera banaka edo zurekin bizi den pertsona batekin joan beharko da; edozein artikulu ukitu aurretik eskuak desinfektatu beharko dira, eta maskara ezingo da inoiz kendu. Artikuluren bat etxera eramanez gero, ur beroarekin eta xaboiarekin edo desinfektatzailearekin garbitzea gomendatzen da. Bestalde, armairuan utziko diren objektuek garbi eta egoera onean egon beharko dute.

Gainera, Give Boxetan gel desinfektatzailea egongo da, eta aldizka berrikusi eta garbituko dira produktu desinfektatzaileekin.

Give Boxen funtzionamendua

Euskadin aitzindaria den ekimena 2019an jarri zuen martxan Amurrioko Udalak, eta oso erantzun ona izan du; egunero objektuen mugimendua dagoela ikusten da.

Give Boxak erabiltzea oso erraza da. Espazio horretan, jendeak bitartekari ekonomikorik gabe partekatu nahi dituen bigarren eskuko objektuak gorde eta jaso ditzake, eta, horrela, bigarren bizitza eman ahal zaie egoera onean egon arren jada baliagarriak ez zaizkigun gauzei.

Kutxek ondo funtziona dezaten, oinarrizko erabilera-arau batzuk ezarri dira. Horien artean, gordailututako objektuek erabilerarako egoera onean egon behar dutela, eta ezingo direla produktu galkorrak izan. Gainera, ez dira objektu handiegiak onartuko. Give Boxetan kortxo bat dago horrelako objektuetarako, bertan argazkia eta harremanetarako datuak jartzeko.