Amurrioko Udalak coaching gastronomiko bat antolatu du Aingeru Etxebarria sukaldariarekin, ostalaritzako establezimenduei zuzenduta

Amurrioko Udalak, ostalaritza sektoreari zuzendutako coaching gastronomiko bat antolatu du Aingeru Etxebarria sukaldari eta Bilboko Sukaldaritza Eskolako zuzendariarekin. Ekimenak tailer gastronomikoa eta parte hartzen duten establezimenduentzako aholkularitza pertsonalizatua biltzen ditu.

Karta berriztatzea, produktu berriak sartzea, denboraldikoak edo 0 kilometrokoak, pintxo, anoa edo plater berriak prestatzeko, hori guztia landuko da Aingeru Etxebarria sukaldariak El Refor jatetxean emango duen coaching gastronomikoan. pParte hartuko duten ostalaritzako establezimenduek 30 orduko prestakuntza jasoko dute eta, horrez gain, bakoitzari zuzendutako aholkularitza pertsonalizatuko 5 ordu.

Tailer gastronomikoa 10 saiotan egingo da, urriaren 19, 21, 26 eta 28an eta azaroaren 2, 4, 9, 11, 16 eta 18an, 16:30etik 19:30era. Parte hartzen duen establezimendu bakoitzari zuzendutako aholkularitza pertsonalizatua, bakoitzari ondoen datorkion ordutegian egingo da.

Parte hartzeko beharrezkoa izango da urriaren 10a baino lehen izena ematea, plaza mugatuak baitira. Dauden 8 plazak izena emateko ordenaren arabera esleituko dira. Izena emateko 945891721 telefono zenbakira deitu edo turismo@amurriobidean.org helbidera idatzi beharko da.