Amurrioko Udalak bost langabetu kontratatuko ditu, lau enplegu programaren bitartez

Amurrioko Udalak lau enplegu programa jarriko ditu martxan laster, eta horietan bost langabetuk hartuko dute parte. Planak abiarazteko, Arabako Foru Aldundiaren eta Lanbideren-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntza jaso da.

Programetan kontratatuko diren 5 pertsonen artean hautatua izateko beharrezkoa izango da Lanbideko eskaintzetan izena ematea. Epea amaitutakoan, baldintzak betetzen dituzten hautagaiak aukeratzeko prozesua egingo da.

Gure nagusien bizitza kalitatea hobetzea

Abian jarriko den lehenengo programa, Arabako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa, “Gure nagusien bizi kalitatea hobetzeko programa” izango da. Programa horren bidez, pertsona bat lanaldi osorako kontratatuko da. Udalerrian erroldatuta eta Lanbiden izena emanda egoteaz gain, gutxienez Gizarte Hezkuntzan, Gizarte Lanean edo Psikologian Diplomatua izan beharko da. Eskaintza honetan izena emateko epea azaroaren 6an amaituko da

2014-2020 gazte enplegurako Programa Eragilea

Lanbideren “2014-2020 gazte enplegurako Programa Eragilearen” barruan, azaroaren amaieran hiru pertsona kontratatuko dira. 16 urtetik gorakoak eta 30etik beherakoak izan beharko dira eta, gainera, Gazte Berme Sisteman izena emanda egon.

Programetako batean bi pertsonak hartuko dute parte, batek administrari laguntzaile kategoria izango du eta besteak teknikari kategoria, 8 hilabetez, lanaldi osoan, “Hiri ingurunearen kudeaketa zikloaren eraldaketa digitala Amurrion smart city eredua ezartzeko esparruan” programaren barruan. Laguntzaile lanpostuan aritzeko interesa duten pertsonek gutxienez maila ertaineko prestakuntza eta informatikako erdi mailako ezagutzak izan beharko dituzte. Bestalde, teknikari lanposturako, arkitektura edo ingeniaritza teknikoko prestakuntza beharko da obra zibil, eraikuntza edo antzeko adarrean, eta baita lurraldearen modelizazioari eta kudeaketari buruzko ezagutza informatikoak ere.

Bigarren programaren helburua Udal Kultura Plana idatzi aurreko informazioa aztertzea izango da. Horretarako, pertsona bat kontratatuko da 8 hilabetez, lanaldi osoan. Hautagaiek, gutxienez, Arte eta Humanitateetako edo Gizarte Zientzietako Diplomatura edo Unibertsitateko Gradua eta C1 euskara maila izan beharko dute.

Bi programetarako izen ematea azaroaren 4tik 14ra bitartean egingo da.

Udal Liburutegiaren inbentarioa eta garbiketa

Azkenik, urtearen amaieran, pertsona bat hartuko da 6 hilabetez lanaldi osoan, Lanbidek diruz lagundutako “udal Liburutegiaren inbentarioa eta garbiketa” programaren barruan. Lanposturako eskatzen den gutxieneko prestakuntza Bibliotekonomia eta Dokumentazioko edo antzeko unibertsitateko diplomatura edo gradua, 2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea eta absysNET softwarearen ezagutza izango da.