Amurrioko Udalak “Bizi Gabonak Amurrion” kanpaina bultzatu du

Oso egun berezien atarian gaude, ilusioz betetako egunetan, txikienentzat batez ere. Hori dela eta, Amurrioko Udalak, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako umeei zuzendutako “Bizi Gabonak Amurrion” kanpaina bultzatu du. Umeek 15 euroko opari-txekea jasoko dute, herriko establezimenduetan gastatzeko.

Zailtasunak zailtasun, urtean zehar asko itxarondako unea iritsi da. Hori dela eta, Amurrioko Udalak umeek Gabonetan bizi duten ilusio horri bizirik eusten lagundu nahi du, eta, gainera, herriko establezimenduetan kontsumoa babestearen aldeko apustuarekin jarraitu.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrek 15 euroko opari-txekea jaso ahal izango dute abenduaren 17tik aurrera, hilabete bereko 30era arte Turismo Bulegoan, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Jasotzeko, umearen NANa edo amaren edo aitaren NANa eta familia-liburua aurkeztu beharko dira.

Opari-txekea Amurrioko edozein establezimendutan gutxienez 15 euroko erosketa eginez trukatu beharko da (ez da inoiz dirurik itzuliko), eta txekea erabiltzeko epea urtarrilaren 15ean amaituko da. Guztira, mila haur baino gehiagok gozatu ahal izango dute opari-txeke horretaz. Horrek 16.000 eurotik gorako eragina izango du, gutxienez.

“Gabonetako ekintza honek bi helburu ditu. Elkarren artean oso desberdinak badira ere, kanpaina honetan bat egiten dute. Alde batetik, txikienen ilusioari eusten laguntzen digu eta, gainera, udalerriko kontsumoa babesten jarraituko dugu”, adierazi du Txerra Molinuevok, Amurrioko alkateak.