Amurrioko Udalak bat egin du Ecovidriok eta Aiarako Kuadrillak sustatu duten “kilo bat beira kilo bat elikagairengatik” kanpainarekin

Ecovidriok, estatu mailan beirazko ontzien hondakinen birziklapena kudeatzeaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakundeak, eta Aiarako Kuadrillak, “Kilo bat beira kilo bat elikagairengatik” kanpaina solidarioa jarri dute abian datozen 15 egunetan, FESBALen alde, premia handiena dutenei laguntzeko eta beirazko ontzien birziklapena herritarren artean sustatzeko eta egokitutako edukiontzietan jasotako beira elikagai bilakatzeko.

Amurrioko Udalak bat egin du abenduaren 1etik 15era bitartean gauzatuko den ekimenarekin, eta herritar guztiei dei egin die ahalik eta beirazko ontzien hondakin gehien utz dezaten kanpainako irudia duten edukiontzietan. Amurrion, edukiontziak San Anton plazan eta anbulatorio aurrean egongo dira.

Edukiontzi bakoitzean uzten den beira hondakin kilo bakoitzeko, Ecovidriok kilo bat janari emango die Elikagaien Bankuei. Kanpainak bi helburu ditu, elkartasunezkoa eta ingurumenari buruzkoa, beirazko ontziak birziklatzeak ingurumena zaintzeko duen garrantziaz kontzientziatzeko.

7 edukiontzi

Kanpaina gauzatzeko, Ecovidriok ekimenaren irudiaren biniloa duten zazpi edukiontzi prestatu ditu. Amurrion dauden biez gain, leku hauetan ere egongo dira: Laudion, Zumalakarregi etorbidean udaletxearen atzean eta Areta kalean, Santa Ana Elizaren plazaren ondoan; Aiaran, Luiaondoko padura kalean; Artziniegan, Herriko Atean; eta Okondon, anbulatorioaren aurrean.

Beiraren birziklatzearen datuak Aiarako Kuadrillan

 2019.urteari dagozkion azken datuen arabera, Aiarako Kuadrillako biztanleek 920 tona beirazko ontzi birziklatu zituzten guztira; horrek esan nahi du biztanle bakoitzak, batez beste, 27 kg birziklatu zituela. Halaber, Aiarako Kuadrillak joan den irailean egindako azken karakterizazioen arabera, beirazko ontzien % 79 gaika biltzen ari da.

Edukiontzien tasari dagokionez, Aiarako Kuadrillan 136 biztanle bakoitzeko edukiontzi bat dago batez beste, eta guztira 251 iglu daude instalatuta beirazko ontzien hondakinak jasotzeko.

Beira birziklatzeak ingurumen aldetik dituen onurak

 Edukiontzietan uzten den beiraren % 100 birziklatzen da eta ontzi berriak egiteko erabiltzen da, modu mugagabean eta jatorrizko propietateak galdu gabe. Beira birziklatzea funtsezkoa da klima aldaketaren aurkako borrokan. Ontzi berrien fabrikazioan kaltzina –beira birziklatua– erabiltzen denez, naturako lehengaiak erauztea, lurzoruak higatzea eta gure inguruko basoetatik egurra jaso behar izatea saihesten da. Gainera, fabrikazio-prozesuan CO2 gutxiago isurtzen da, energia aurrezten da eta zabortegien hazkundea saihesten dugu.

Ecovidriori buruz

Ecovidrio, Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklapena kudeatzeaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakundea da. 1997an, Ontzien eta Ontzien Hondakinen Legea onartu eta 1998an legearen ondoriozko eragiketak abiarazi ostean, zerbitzu osoa bermatzen duen eta herritar guztiek eskura duten birziklatzeko ereduaren erakunde kudeatzaile bihurtu zen. Finantzaketari dagokionez, 8.000 konpainia ontziratzailek egiten dute posible, puntu berdearen, birziklatze-sistemaren, bitartez.

Ecovidrioren lanean hau azpimarratu behar da: edukiontziaren bitartez kalitate handiko birziklatzea bermatzea, edukiontzi- eta bilketa-azpiegiturak indartzea, ostalaritzan beirazko ontzien birziklapena areagotzeko planetan eta baliabideetan inbertitzea, herritarrak sentsibilizazio-kanpainen bitartez mugiaraztea eta prebentzioa eta ontzien ekodiseinua sustatzea.

Azken bi hamarkadetan, Ecovidrioren sistemak birziklatze-tasaren hazkunde esponentziala ahalbidetu du, 2000. urtean % 31,3 izatetik 2018. urtean % 76,5 izatera igaro baita, erakundeak egin dituen estimazioek erakusten dutenez.

Beirazko ontziak birziklatzea funtsezko elementua da garapen jasangarrian laguntzeko, ekonomia zirkularrerako trantsizioa sustatzeko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko. Gainera, beirazko ontziak birziklatzea 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak betetzen laguntzen duen jarduera da; zehatzago esanez, (11) Hiri eta komunitate jasangarriak, (12) Ekoizpen eta kontsumo arduratsua eta (13) Klimaren aldeko ekintza izeneko helburuetan du eragina.