Amurrioko Udalak Bañueta kiroldegiaren kudeaketa esleitu du

Amurrioko Udalak eta Baiko Eragin S.A. eta Taldesport Servicio Deportivos S.L. enpresek osatzen duten UTE Bañueta ABEEak, datozen 10 urteetan Bañueta kiroldegia kudeatzeko kontratua sinatu zuten atzo. Gastu estrukturalak ordaintzeko Udalak egingo duen ekarpena 484.950 eurokoa izango da, emakidak irauten duen 10 urteetan zehar banatuta.

Bi erakundeek, lehenengo hiru urteetan hainbat inbertsio egitea adostu dute, instalazioak hobetzeko eta erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko. Hori dela eta, 600.000 eurora iritsiko diren inbertsioak egingo dira, bi padel pista instalatzeko, fitness makinak berriztatzeko eta 350m2ko fitness eta entrenamendu funtzional eta intentsitate handiko entrenamendu areto berri bat egiteko. Eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzea da aurreikusitako beste inbertsio bat. Horrez gain, Kiroldegiaren sarreran elkartzeko gela bat ere proiektatu dute.

Bañueta Kiroldegiko instalazioak eta zerbitzua etengabe hobetzeari begira, dauden beharrak eta hobetu beharreko arloak aztertzea ere aurreikusita dago. Emakidak 10 urteko iraupena du, eta bost urtez luzatu ahal izango da.

“Amurrioko Udalak ilusioz ekingo dio Bañueta kiroldegirako proiektu berri honi, Amurrioko bizilagunei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko motibazioarekin”, esan du Josune Irabien Amurrioko alkateak.