Amurrioko Udalak ardura eta zuhurtzia eskatu die amurrioarrei

Asteazkenean Amurrioko txupinazoa jaurti behar zen. Hala ere, Covid-19ak eragindako osasun krisia dela eta, ez dugu izango ez ohiko txupinazorik ezta pregoirik ere. Izan ere, maiatzean, Amurrioko Udalak herriko jaiak bertan behera uztea erabaki zuen. Horregatik, Udaletik dei berezia egiten zaie Amurrioarrei, zuhurtziaz eta arduraz joka dezaten.

Uztailean eta abuztuan, egungo egoerara egokitutako kultur programazioa sortzen egin da lan, baina azken egunetan pandemia gure lurraldean izaten ari den bilakaera kontuan izanda, eta Amurrion jaiegun izan beharko liratekeen egunekin bat datorren asteburura hurbiltzen ari garela, pilaketak saihesteko, abuztuaren 13, 14, 15, 16 eta 17rako aurreikusitako udal-programazioa atzeratu egin da.

“Buruarekin jokatu eta duela hilabete gutxi bizi izandakoa gogoratu behar dugu. Jaiak osasun publikoarengatik utzi dira bertan behera. Gainera, egunero agerraldi berriak ikusten ari gara. Beste udalerri batzuetako irudiak ezin daitezke eman. Zuhurtziaz jokatzea da pandemiaren hedapena gerarazteko modu bakarra. Horregatik, zuhurtzia, errespetua eta ardura indibiduala eta kolektiboa eskatu nahi diegu amurrioarrei, herritarrak arriskuak jar ditzakeen edozein jende pilaketa saihesteko”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Ildo horretan, eta amurrioarrak kontzientziatzeko xedez, pandemia hasi zenetik Amurrioko Udala herritarrei dagozkien neurriei buruzko informazioa ematen ari da, informazio oharren, bandoen eta jakinarazpenen bitartez. Sare sozialak ere gure aliatuak ari dira izaten, hartutako neurri guztien berri emanez. Hori dela eta, Jaien Sailetik egin den bideoaren bitartez, Amurriorentzat hain garrantzitsuak diren egun hauetan mezu argia bidali gura da.

YouTubeko “Galeria” kanalean ikus daitekeen bideoak herriko jaietako ikur garrantzitsuenetako bi jasotzen ditu, Iguarrakoa eta kuadrillak. Urtero jaiei hasiera eta amaiera ematen dien eta aurten gordeta dagoen eta, gutxienez, Udaletxeko balkoira igotzeko urtebete itxaron beharko duen Iguarrakoa ikus dezakegu. Kuadrilletako pertsonak, banderak, zapiak eta jantziak irudikatzen dituzten sinboloak ere batu eta datorren urterako gorde dira.

“Jaiak bertan behera uztea ez da erabaki erraza izan, baina garrantzitsuena gure herritarren osasuna da, eta ez dugu hori arriskuan jar dezakeen inolako jarduerarik baimenduko. Horregatik, berriro esan nahi dut, eta eskaria egin nahi diet herritarrei eta jai eta kultur taldeei, arduraz, zuhurtziaz eta segurtasun neurriak betez joka dezaten. Gutariko bakoitzaren ardura da gu eta gure ingurunea zaintzea”, adierazi du Josune Irabienek.