Amurrioko Udalak 555.275 euro bideratu ditu gizartea babesteko eta ekonomia suspertzeko plan integralera

Josune Irabien Amurrioko alkateak adierazi duenez, Amurrioko Udalak, gaur egun bizi dugun egoerak sortu dituen ondorioak ikusita, “Gure auzokideen zaintzan eta gure herriaren suspertze ekonomikoan arreta jartzen duten neurriak hartzeko eta bultzatzeko” egiten du lan.

Helburu horrekin, Udalak asteak daramatza ‘Amurrion bizi’ kanpainan lanean. Kanpaina horretan, konfinamendu fasea gainditu ondoren normaltasun berriari aurre egiteko neurriak eta ekintzak biltzen dira. Kanpainak jarduteko bi ildo ditu: lehenengoak amurrioarrak jartzen ditu politiken erdigunean, eta, horren bitartez, pertsonen babesaren eta ongizatearen aldeko konpromisoa hartzen da; bestalde, udalerriaren ekonomia suspertzeko neurriak daude, Amurrio indartzeko helburuarekin.

Ekintza horietako batzuk dagoeneko martxan daude eta beste batzuk datozen asteetan jarriko dira martxan. Horiek guztiak bultzatzeko, Amurrioko Udalak 2020ko aurrekontua aldatu du eta 555.275 euro bideratuko ditu horretara.

‘Amurrion bizi’, amurrioarrak erdigunean 

Covid-19ak eragindako alarma egoera hasi zenetik, Udalak, ahal den neurrian, krisiak eragindako kaltea murrizteko egin du lan. Aldi horretan, hainbat neurri hartu dira bizilagunei zerbitzuak eskaintzeko, egoera zaurgarrian dauden kolektiboei laguntzeko, kaleen garbiketa eta desinfekzioa areagotzeko, konfinamendua girotzeko edukia sortzeko eta osasun eta segurtasun neurrien berri emateko. Guztira 46.675 euro bideratu dira neurri horietara. Epe horretan hartutako neurrien eta datozen asteetan antolatuko diren beste batzuen artean hauek nabarmentzen dira:

  • Amurrioko familiei elikagaiak eta botikak erosten lagundu dien boluntario-sarea martxan jartzeko lanak koordinatzea Amurrio Trail Taldearekin.
  • Psikologoen GAPPA Udal Taldeak 1.000 dei baino gehiago egin dizkie herriko 70 urtetik gorako pertsonei, laguntza eskaintzeko eta beraien egoeraren jarraipena egiteko.
  • Amurrioko herritar guztiei laguntza psikologikoa ematea, GAPPA Udal Psikologo Taldearen eskutik.
  • Maskarak banatzea 65 urtetik gorako herritarrei.
  • Udalerriko hainbat enpresak emandako norberaren babeserako ekipamenduen banaketa herriko establezimenduen eta Udaleko langileen artean.
  • Udalerriko eta udal eraikinetako garbiketa eta desinfekzioa areagotzea.
  • Baztertuta geratzeko arriskuan dauden familien eta pertsonen beharrei erantzuteko udal-larrialdietarako laguntzak aktibatzea.
  • Herritarrentzako Arreta Zerbitzua konfinamendura egokitzea, izapideak eta kontsultak egiteko.
  • “Koronabirusa dela eta etxean” izeneko marrazki, olerki eta bertso programa martxan jartzea.
  • Adinekoen artean ohitura osasungarriak eta kirola sustatzeko “Bizitza aktiboa eta osasungarria” programa abian jartzea. Guztira, 30 minutu inguruko iraupena duten 21 bideo egin dira.
  • Udalaren webgunean, koronabirusari aurre egiteko abian jarritako ekintza guztiak biltzen dituen berariazko ataria sortzea.
  • Udal liburutegiaren liburuak maileguan uzteko zerbitzua.

 

‘Amurrion bizi ‘, tokiko ekonomiaren suspertzea

Deseskalatze-fase honetan, Amurrioko Udalaren helburu nagusietakoa tokiko ekonomia suspertzeko ekintzak eta neurriak bultzatzea da. Horretara 508.600 euro bideratuko dira guztira.

Orain arte zuzeneko neurriak hartu dira, 2020. urte osoan terrazen tasa eta itxita egon diren lokaletako zaborren tasa ez kobratzea, besteak beste. Gainera, Amurrio Bidean erakundeak aholkularitza ematen die udalerriko enpresei eta autonomoei, erakundeek ematen dituzten laguntzei buruzko informazioa izan dezaten eta laguntza horiek izapidetzen laguntzeko.

Krisi honetatik irteteak, gainera, diru-partidak indartzea eta gure herria suspertuko duten neurriak hartzea eskatzen du. Horregatik, Amurrioko Udalak jarduera ekonomikoa aktibatzeko ekintza sorta diseinatu du. Hauek dira ekintza horietako batzuk:

  • Merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu profesionaletako kontsumorako bonuen zenbatekoa 20.000 eurotan handitzea, tokiko kontsumoa suspertzeko
  • Tokiko kontsumoari laguntzeko komunikazio kanpaina abiaraztea, amurrioarrei bertako merkataritza, ostalaritza eta negozioak bultzatzeko dei berezia eginez.
  • Merkataritza eta ostalaritza sektorea dinamizatzeko ekintzak. Osasun krisiak gehien zigortu duenetakoa den ostalaritzara bideratutako kultur arloko jarduerak eta ekimenak antolatzea, ekintza horien ardatza bertako produktuak izanda.
  • Inbertsioetarako eta modernizaziorako diru-laguntzak (tokiko egokitzapenak, negozio bat abian jartzea…).
  • Berrikuntza-proiektuak merkataritza eta ostalaritza sektorean.
  • Langabeak kontratatzeko diru-laguntzak; 100.000 euroko partida bideratuko da. Zenbateko hori 2020an enplegurako esleitutako partidari gehitu behar zaio. Partida hori 464.965 eurokoa da.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) partida 100.000 euro handituko da, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden familien eta pertsonen beharrei erantzuteko, 2020rako 248.000 euroko partidara heltzeko.
  • Kontziliaziorako laguntzak.
  • Etxeko langileen sektorera bideratutako laguntzak.
  • 2020an ostalaritzako establezimenduetako terrazen tasa ez da kobratuko, ezta negozioak itxita egon diren aldiko lokaletako zaborren tasa ere.
  • Digitalizazioan lan egitea, online salmentako ataria sortzea.
  • Merkataritza eta ostalaritza sarearen benetako egoera ezagutzeko diagnostikoa egitea, beharrak identifikatzeko eta sektorea indartzeko ekintzak doitzeko.
  • Amurrio turismorako jomuga gisa sustatzea (Nerbioiko ur-jauzia, gastronomia, ibilbide berdeak…)

“‘Amurrion bizi’ kanpainaren helburua bertakoa babestea, gure herriko establezimenduetan gastatzea eta gure jendeari aukera bat ematea da. Garai zailak dira guztiontzat, eta horregatik, Udal Gobernutik tokiko kontsumoa bultzatu nahi dugu. Ekonomia zalantzaz beteta dagoen une hauetan, zutik jarraitzen eta etorkizunerako prestatzen laguntzea da gure lehentasuna”, azaldu du Josune Irabienek.

Herriko dendetan eta ostalaritzako establezimenduetan kontsumitu!

Amurrioko dendak eta establezimenduak pertsianak irekitzen hasi dira pixkanaka. Hori dela eta, Udalak herritarrak herrian kontsumitzera animatu ditu. Udalak badaki ekonomia suspertzeko, neurri handi batean, ezinbestekoa dela lan horretan herria inplikatzea. ‘Amurrion bizi’ kanpainaren barruan, herritarrak herrian kontsumitzera animatzeko bideoa kaleratu da, guztion artean bidea egiten jarraitzeko.

Amurrion bizi