Amurrioko Udalak 55.000 euroko diru-laguntza zuzenak onetsi ditu ostalaritzarako

Amurrioko Udalak ostalaritzarako aparteko laguntza zuzenak onartu ditu aho batez gaur goizean egin duen osoko bilkuran. Laguntzen zenbatekoa 55.000 eurokoa da. Neurri horrekin, Covid-19aren ondorioz sortutako neurri murriztaileak direla eta sektoreak bizi duen egoera zaila arindu nahi du Udalak.

Amurrioko Udaletik “elkartasuna adierazi nahi diogu gure idiosinkrasiaren parte den eta gure herria bizirik eusten laguntzen duen sektore honi. Badakigu ostalaritza oso egoera zaila ari dela jasaten, eta, horregatik, laguntza hauek emanez jarduerari eta enpleguari eusten lagundu nahi dugu eta, ahal den neurrian, galera ekonomiko egoera arindu”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ostalaritzako establezimenduen artean banatu beharreko zenbatekoa gauzatutako enpresa-jardueraren araberakoa izango da. Herriko jatetxeek 2.000 euroko laguntza zuzena jasoko dute, eta tabernek eta kafetegiek 1.000 eurokoa. Guztira, 55.000 euro banatuko dira ostalaritza sektoreko herriko 44 establezimenduen artean.