Amurrioko Udalak 40.000 euroko partida prestatu du udal laguntzetarako

Amurrioko Udalak 40.000 euroko partida prestatu du udal laguntzetarako COVID-19 koronabirusak sortutako larrialdi egoeraren ondorioei erantzuteko. Larrialdi egoeratik sortutako gastuetarako oinarrizko laguntza da, eta elikadura, farmazia eta Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak horrela baloratu dituen oinarrizko beste gastu batzuetara bideratu ahal izango da.

Onuradunek 100 euro jasoko dituzte aipatutako gastuei aurre egin ahal izateko. Laguntza jasotzeko eskaria aktibo dago, eta eskatzeko nahikoa izango da Amurrioko Udalera deitzea (945891161). Tramitazioa telefonoz egingo da, eta Udaleko gizarte langileek oinarrizko informazioa jaso ondoren, familia egoeraren oinarrizko gizarte txostena egingo da. Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere eskatu ahal izango dute udal laguntza hori.

Larrialdi egoera amaitu ondoren, laguntzaren onuradunek kasu bakoitzean adierazten den familiako dokumentazio oinarrizkoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute Udaletxean, eta baita egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturak ere.

Garbiketa indartzea

Amurrioko Udalak bizi dugun egoera bereziari aurre egiteko hartu duen beste neurrietako bat udalerriko garbiketa indartzea da. Garbiketa hori koronabirusaren agerraldiari eusteko beharrezkoa den bitartean luzatuko da. Kaleen garbiketari dagokionez, kaleak urez garbitzen, eta hainbat elementutan garbiketa eta desinfekzioa egiten ari dira, autobus markesinetan, geltokietarako sarbideetan, farmazietan, supermerkatuetan eta osasun-zentroetan, barandetan eta telefono kabinetan, besteak beste.

Era berean, martxoaren 10az geroztik, udal eraikinetan garbiketa areagotu egin zen, eta, gaur egun, jada jarduerarik ez dagoen edo jarduera murriztu egin den eraikinetan, garbiketa orokorra egiten ari da.

Konfinamenduko egun hauetan nabarmen egin du gora leihoetatik botatako zigarrokin eta zigarro kopuruak. Horregatik, Amurrioko Udalak gogorarazi du ez direla kalera bota behar eta pertsona bakoitzak etxean dituen ontziak edo hautsontziak erabili behar dituela horretarako. Beste alde batetik, elikagaiak saltzen diren dendetan egiten diren erosketetarako erabiltzen diren plastikozko eskularruak horretarako dauden zakarrontzietan edo edukiontzietan utzi behar dira, eta ez dira inoiz kalera bota behar, guztion onerako.

Laguntza psikologikoa

Bizi dugun egoera honetan adinekoak zaintzea eta laguntzea inoiz baino garrantzitsuagoa da. Horregatik, Amurrioko Udalak hiru profesionalek osatutako psikologo taldea du, eta krisia hasi zenetik etengabe daude harremanetan bakarrik bizi diren udalerriko 70 urtetik gorako pertsonekin.

Lehen dei txanda baten ondoren, harremanetan jartzeko eta haien premiak ezagutzeko, orain bigarren dei txanda egiten ari dira, eta dei horiek ondo daudela egiaztatzeaz gain, hitz egiteko eta laguntza emateko ere balio dute, kasu askotan bakardadea faktore garrantzitsua baita kolektibo horretan. Guztira, psikologo taldeak 400 telefono dei inguru egin ditu eta egoera berezi hau gainditu arte horrela jarraituko dute.

Beste alde batetik, Udalak harremanak ditu elkarteekin, taldeekin, kontseiluekin eta auzoetako elkarteekin, udal baliabideen berri emateko eta izan ditzaketen behar posibleak hautemateko.

Amurrioko boluntarioen sarea

Amurrioko boluntarioen sareak dagoeneko ehun bat pertsona bildu ditu adinekoei eta behar bereziak dituzten kolektiboei elikagaiak eta botikak erosten laguntzeko. Zerbitzua 671074170 telefonoaren bidez koordinatzen da. Telefono zenbakia Amurrioko Udalak aktibatu du eta eguneko 24 orduetan dago martxan.

“Amurriok beti erantzuten du. Herri solidarioa gara, askotan ikusi dugu hori, eta baita bizitzea tokatzen ari zaigun egoera honetan ere. Oso eskertuta eta harro nago gure herriko bizilagunekin. Ematen ari diren erantzuna eredugarria da, etxean geratuz eta ezarritako neurriak betez, guztion artean egoera hau lehenbailehen gainditzeko”, adierazi du Josune Irabien Amurrioko alkateak.