Amurrioko Udalak 30.803 euro bideratu ditu Nikaraguan eta Guatemalan proiektu bi finantzatzeko

Amurrioko Udalak, Euskal Fondoaren, Kooperatzaileen Euskadiko Toki Erakundeen Elkartearen, bidez, 30.803 euro bideratuko ditu bi proiektu finantzatzeko, bata Nikaraguan eta bestea Guatemalan.

Finantzatu beharreko proiektuetako bat, 17.707,82 euro jasoko dituena, Somoto udalerrian da, Madriz departamentuan, Nikaraguan. Proiektu horren bitartez galtzada-harrizko 387,10 metro zoladura eraikiko dira ekialdeko periferian, egungo galtzada-harrizko zoladurari jarraipena emateko. Jarduketa horren bitartez, herritarren ingurumen baldintzak eta osasuna hobetzea, etxebizitzetan segurtasuna handitzea eta oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorrietarako baldintzak hobetzea lortuko da. Gainera, enplegua sortuko da bertan, proiektuaren barruko obrak gauzatzeko. 1.345 biztanlek jasoko dituzte galtzada-harrizko zoladuraren eraikuntzaren onurak.

Bigarren lankidetza proiektuaren xedea, “Indarkeriarik gabe bizitzeko egituratze instituzionala eta sare sozialak” proiektuaren bigarren fasea 13.095,50 eurorekin finantzatzea izango da. Proiektuaren helburuak, genero indarkeria murriztea eta Guatemalako Alta Verapaz Departamentuko Iparraldeko Zeharkako Zerrendako udalerrietan errespetuzko harremanak eta lankidetza bultzatzea dira.

Proiektu horren bidez, gizartea eraldatzeko prozesua eratu nahi da. Prozesu horretan, sexualitateari buruzko hezkuntza integrala ezarriko da, gazteen artean irakaskuntza indartzeko eta indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzeko, indarkeriarik gabe bizitzea bultzatzeko gai izango diren erakundeek duten gaitasuna areagotzeko. Horrez gain, aisialdirako eskubideekin, osasunarekin eta gizonen eta emakumeen hezkuntzarako eskubidearekin erlazionatutako onurak ere ekarriko ditu. Zuzeneko onuradunak 245 pertsona izango dira, eta zeharkakoak, berriz 34.862 pertsona.