Amurrioko Udalak 18 milioi euroko aurrekontua onetsi du 2020rako

Amurrioko Udaleko osokoak, 18.183.943,30 €-ko aurrekontua onetsi du gaur goizean 2020. ekitaldirako. Inbertsioek aurrekontuaren %28,70 hartuko dute. Udal kontuei dagokienez, %53 Herritarren Sailera bideratzen da, %24 Lurralde Sailera eta, azkenik, %23 Antolakuntzara.

Kontuen helburua herritarren ongizatea hobetzea da, irisgarritasunean eta iraunkortasunean oinarritutako proiektuak eta zerbitzuak bultzatuz. Halaber, aurrekontuak gizarte arloko politikak indartzea jasotzen du, partida hori %11 handituz.

Josune Irabien alkateak azaldu duenez, aurrekontu hauek “pertsonak eta zerbitzu publikoen prestazioa hobetzea dute helburu. Aurrekontua onartzeak garrantzi handia hartzen du, duela aste batzuetatik jasaten ari garen ez ohiko egoera kontuan hartuta. Beste erakunde batzuetatik gaitzen diren laguntzak osatu ahal izateko funtsezko tresna da”.

Inbertsioak 2020rako

Udal aurrekontuaren %28,70 inbertsioen kapitulura bideratuta dago. Aipatzekoak dira udalerriko argiteria guztiz berriztatzera bideratuko den milioi bat euroko inbertsioa, udako igerilekuetan ludoteka bat eta mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako aldagelak egokitzea, Bono Denda proiektua gauzatzea edo zine sarreren online erosketa inplementatzea.

Partidak, gasolindegiko biribilguneko obraren egikaritzea, aurrekontu parte-hartzaileen kanpainan erabakitako Etxegoieneko aparkalekuaren eraikuntza, industrialdeen hobekuntza eta kamioientzako aparkalekua egokitzea ere jasotzen ditu, beste batzuen artean. Horrez gain, Obra eta Zerbitzu Foru Planean jasotzen diren lanekin jarraituko da, ur sareen zaharberritzea eta El Reforreko belar artifizialeko zelaiaren amaiera, besteak beste

Horrez gain zenbait partida indartu egingo dira: aurrekontu parte-hartzaileetara bideratutakoa 15.000 eurotan handituko da; herriko auzoetan egingo diren proiektuek 33.000 euro gehiago jasoko dituzte; Nagusi Etxea egokitzeko eta ekipatzeko aurrekontua 4.600 euro gehiagokoa izango da; eta 7.000 euro gehiago bideratuko dira Udal Liburutegiko funts bibliografikoetarako.

Gizarte politikak eta elkarte sarea

2020rako aurrekontuak, Udalak aurrera eramaten dituen gizarte arloko politikak indartzearen aldeko apustuarekin jarraitzen du. Hori dela eta, aurrekontu proiektuan partida horrek %11ko igoera izango du. Kontuetan gora egingo duten beste partida batzuk euskarari dagokiona, %21eko hazkundearekin, eta kirolaren sustapenari dagokiona, %16arekin, dira.

Bestalde, azpimarratzekoa da, baita ere, udalerriko elkarteei zuzendutako zenbatekoa. Elkarte horiek dira, Udalarekin batera, Amurrion egiten diren jarduera askoren ardatz egituratzailea. Guztira, Amurrioko elkarteek aurrekontuaren %5 inguru jasotzen dute, hau da, 750.043,56 euro.