Amurrioko Udal liburutegiak etxez-etxeko liburu mailegu zerbitzua jarri du martxan

Amurrioko Udal Liburutegiak etxez-etxeko liburu mailegu zerbitzua jarri du martxan, 14 urtetik gorako erabiltzaile guztientzat. Gehienez ere hiru liburu eskatu ahal izango dira, liburutegira mezu elektronikoa bidaliz edo telefonoz deituz.

Irakurketa COVID-19 koronabirusak sortutako egoera hobeto eramateko lagun onenetakoa izan daiteke, eta etxebizitza askotan ez dago Interneterako konexiorik liburuak deskargatzeko plataformetara heltzeko, Eusko Jaurlaritzaren ‘eliburutegia’ izenekora, besteak beste. Hori dela eta, Amurrioko Udal Liburutegiak, etxez-etxeko liburu mailegu zerbitzu berriaren bitartez erraztuko du irakurketa.

Liburuak maileguan jasotzeko eskariak astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era, egin daitezke, liburutegia@amurrio.eus helbide elektronikora idatziz edo 945393720 eta 607017451 telefono zenbakietara deituz. Liburuen aukeraketa esteka honen bitartez egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/liburutegia/amurrio-udal-liburutegia/web01-a2libzer/eu/

Liburuak aukeratu ondoren, Amurrioko herrilaguntzaile taldea arduratuko da horien banaketaz. Liburuak ez dira itzuli beharko liburutegia berriro zabaldu arte edo liburua jasotzeko liburutegitik erabiltzailearekin harremanetan jarri arte.