Amurrioko udako udal igerilekuak ekainaren 23an irekiko dira

Amurrioko udal igerilekuak ekainaren 23an, asteartean, zabalduko dira, irailaren 13ra arte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako neurriak betez. Horretarako, erabiltzaileen segurtasuna indartu egingo da segurtasunezko distantziak hartuz eta instalazioan higiene-neurriak zorroztuz.

Datorren astetik aurrera, udako igerilekuak irekiko dira, agintariek emandako jarraibideak errespetatuz. Horien artean, edukierari dagokiona dago, gaur egungo egoeran instalazioaren %60 erabili ahal izango baita. Amurrioko igerilekuetan 1.200 pertsona sartzen dira, baina normalean ez da kopuru hori lortzen. Hain zuzen ere, iaz, pertsona gehien egon zen egunean, 1.240 pertsona sartu ziren igerilekuetara egun osoan.

Instalazioak dituen 7.000 m²ko berdeguneak hainbat lurzatitan banatuta egongo dira, eta lurzati bakoitza dagokion edukierarekin markatuta eta mugatuta egongo da. Horri esker, erabiltzaileen arteko 2 metroko distantzia gorde ahal izango da. Gainera, egun osoan, pertsona bat distantziak errespetatzen direla kontrolatzeaz eta segurtasun neurriak gogorarazteaz arduratuko da.

Garbiketa eta desinfekzioa indartzea

Uda honetan higiene eta desinfekzio neurriak ere indartuko dira. Gune komunetan garbiketa zorroztuko da kontaktu handieneko elementuetan, batez ere, heldulekuetan, barandetan edo bankuetan, adibidez, eta komunak, orduro desinfektatuko dira. Gainera, erabiltzeko gomendioak jasotzen dituzten kartelak jarriko dira. Aldagelak, dutxak, armairuak eta iturriak ezingo dira erabili.

Igerilekuetako uraren kontrola ere zorrotza izango da, uraren kalitatea kontrolatzeko ohiko analisiak areagotuko dira eta eguneko 24 orduetan egongo da martxan ura iragazteko eta birzirkulatzeko sistema.

Sarrera hitzordurik gabe

Igerilekuetara joateko ez da aldez aurretik hitzordurik izan beharko. Esparrurako ohiko sarrera egongo da, baina edozein objektu fisikorekin kontakturik ez izateko, ateak kendu dira eta banda magnetikoko txartel baten bitartez sartuko da, kontaktua hutsera murriztuz. Gainera, sarreran tenperatura kontrolatuko da eta desinfektatzailea duten banagailuak egongo dira.

Harpidedun kanpaina

Udako igerilekuetako abonuen kanpaina bihar, ekainak 16, hasiko da eta ostiralera, ekainak 19ra, arte luzatuko da. Abonuak igerilekuetan egingo dira, 10:00etatik 13:00etara. Ekainaren 19an kobratuko dira. Bañueta kiroldegiko bazkideek ere ordainketa hori egin beharko dute aurten, joan den martxoaren 12an itxi zenetik ez direlako instalazioaren kuotak kobratu.