Amurrioko San Juan sua zuzenean ikusi ahal izango da internet bitartez

Aurtengo San Juan sua modu berezian ospatuko da Amurrion. Tradizioak agintzen duen bezala, ekainaren 23ko gauean, Amurriok bere sua piztuko du. Herriko hainbat kultur elkartek parte hartuko duten ekitaldia zuzenean emango da. Udalak bertara ez joateko dei berezia egin die herritarrei, jende pilaketak saihesteko, Covid-19ak sortutako ez ohiko egoera dela eta.

San Juan eguneko jaia zuzenean ikusi ahal izango da Udaleko Zerbitzu Soziokulturalen YouTubeko ‘Galeria’ kanalaren bitartez (https://www.youtube.com/channel/UCZFZVX_fRcUXhOgI7dhAHqw) . Egitaraua, 21:30ean izango den Ugarte Otxotearen musika emanaldiarekin hasiko da, sua 22:00etan hasiko da Aiara Dantza Taldearen emanaldiarekin batera eta, amaitzeko, 22:15ean su artifizialak botako dira.

Era berean, San Juan eguna aurreko urteetan bezala ospatzea ezinezkoa denez, aurreko edizioetan ekintza horretan parte hartu duten kolektiboek bideo bat egin dute jaieguna gogora ekartzeko eta herritar guztiei San Juan gau zoriontsua opatzeko. Ekainaren 22an, Amurrioko Eskaut Taldeak, Aspaltza euskara Elkarteak, Kalaka jokuak-ek, Udal Musika Eskolako Konboek eta Aiara Dantza Taldeak prestatutako bideoa argitaratuko da ‘Galeria’ kanalean.

Suteen inguruko aholkuak

Bestalde, Amurrioko Udaltzaingoak gogorarazi duenez, lursail pribatuetan suak egin ahal izateko beharrezkoa izango da aurretik jakinaraztea baimendu ahal izateko. Aurreko urteetan bezala, ezin izango da lurzoru urbanizatuan surik egin, eta erabat debekatuta dago baso-lurretan eta horien inguruetan sua egitea.

Suteen inguruko aholkuak