Amurriok udalerriko ondarearen mapa egin du Eskolako Agenda 2030aren barruan

Amurrioko ikastetxeek bigarren urtez jarraian landu dute Eskolako Agenda 2030 programaren barruan dagoen udalerriko landa inguruko kultur eta natur ondarea. Hori dela eta, ikasgeletan lantzeko ikas material gisa balioko duen, baina udal webgunean herritar guztien esku ere egongo den, ondareari buruzko mapa egin da.

Mapan, udalerriko inbentarioan eta elementu sailkatuen artean dauden ondasun higiezinak non dauden adierazteaz gain, beste elementu txikiago batzuk ere identifikatzen dira, iturriak, errotak, karobiak, ikaztegiak, trikuguneak, besteak beste, eta baita natur ondareko elementu nabarmenenak ere, espazio babestuak, hezeguneak, errekak, udalerriko gailurrik garaienak eta udal ibilbideak, besteak beste.

Mapa hori eratzeko ekimena Eskolako Agenda 2030 programaren barruan dago. Hezkuntza arloko programa horren helburua, ingurumenarekin erlazionatutako arazoak bideratzeko ezagutzak, jarrerak eta konpromisoak garatzea da, eta Amurrioko lehen eta bigarren hezkuntzako 1.300 ikasle ari dira parte hartzen.

 

 

Amurrioko ondarearen mapa