Amurriok udalerriko lehenbiziko Kultura-Plan Estrategikoaren idazketa esleitu du

Amurrioko Udalak, beste behin ere kulturaren aldeko apustua eginez, Kultura-Plan bat idatziko du, epe ertaineko ikuspegia lortzeko. Horretarako, ildo estrategikoak eta helburu operatiboak ezarriko ditu, udal-kulturaren panoraman etorkizunerako planteamendu berriei ekin ahal izateko.

Kultura-Planak helburu orokor zabala du abiapuntu: Amurrioko herritarren bizi-kalitatea hobetzea, kulturaren eta aisialdiaren bidez. Horri guztiari Amurrioko Udalak 2020an egindako diagnosi-lan batetik helduko zaio. Lan horrek oinarri dokumental eta estatistiko bat ekarri du, eta ildo estrategikoak horren gainean gauzatu beharko dira.

Ikerketa- eta analisi-lan horren ondorioz, udaleko irakaskuntza-dispositiboen araberako azterketa sektorizatua egin behar izan da, hala nola, Arte Eskola, Musika Eskola, Dantza Eskola, Herri Musika Eskola, Udal Liburutegiak, Amurrio Antzokia eta ekimen komunitarioko beste irakaskuntza-elementu batzuk, Aiara Dantza Taldea, besteak beste.

Amaierako dokumentuak etorkizunera begira jarduteko estrategiak zehaztuko ditu, eta, lehentasunezko beste helburu batzuen artean, Amurrioko kultura- eta sormen-sektoreari balioa ematea bilatuko du. Sektoreari laguntzeko moduak ikertu eta proposatuko ditu, udalerriko herritarrek beti planaren garapenaren erdigunean egon behar dutela kontuan hartuta.

Amurrioko Kultura-Plana egiteko esleipena 18.029 eurokoa izan da, eta Teklak izeneko Komunikazio eta Audientzia Estudioarentzat izan da.