Amurriok udalerriaren merkataritza bideragarritasuna aztertuko du

Joan den asteazkenean, azaroaren 20an, Amurrioko Udalak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak diruz lagundutako merkataritza bideragarritasunari buruzko azterlanaren aurkezpena egin zen. Azterlanaren helburua merkataritza biziberritzeko eta merkataritzaren sektoreari lotutako enpresa ekimen berriak abian jartzeko aukerak aztertzea izan da.

Azterlanaren lehenengo zatian, hiriguneko merkataritza establezimenduen inbentario geolokalizatua egin da, negozio berriak ezartzeko lokal hutsak uneoro non dauden jakiteko, eta jardunean dauden saltokiak mapa batean ikusteko.

Saltokiei, zerbitzu-enpresa txikiei eta pertsona ekintzaileei zuzendutako jardunaldia, establezimenduen geolokalizaziorako tresnaren aurkezpenarekin hasi zen. Ondoren, azterlanetik ateratako ondorioak eta gomendioak azaldu ziren, gure udalerriko merkataritza suspertzeko eta dinamizatzeko landu beharreko jarduera- ildoak adosteko eta lehenesteko helburuz.

Azterlanak hainbat alderdi aztertu ditu, kontsumitzaileen erosteko ohiturak, merkataritzaren egungo eskaintzarekin asebetetzen ez diren erosteko beharrak, udalerrian erostea zailtzen duten faktoreak, tokiko merkataritzaren indargune nagusiak, etab. Datu horiek lortzeko, ikerketa egiteaz arduratu den enpresak, GB Strategy By Design-ek, 202 elkarrizketa egin ditu. Kontsumitzaileei zuzendutako inkesta bat diseinatu zuen, eta 160 inkesta egin ziren. Gainera, elkarrizketak izan zituen merkatariekin, eta inplikatutako beste eragile batzuekin, APYMCArekin, besteak beste, 42 elkarrizketa eginez.

 

 

 

Emaitzak

Kontsumitzaileen ikuspuntutik, kontsumo nagusia zeregin bati lotuta dagoela ikusi da, erosketak hozkailua betetzeko egitea edo burdindegira joatea, besteak beste, eta ekintza horiek aste barruan eta arratsaldez egiten dira gehienetan. Aisialdiari dagokionez, erosketak egitea edo zerbait hartzea, adibidez, udalerritik kanpo egiteko joera ikusten da.

Aldi berean, azterlanean zenbait oztopo ere hauteman dira: produktuen eskaintza mugatua, lanaldiarekin bateraezinak diren ordutegiak, sartzeko eta ez erosteko errezeloa edo prezioa, eta abar. Horietako batzuk bat datoz merkatariek hautematen dituzten oztopoekin. Merkatariek, produktuaren eta prezioen aniztasuna ez ezagutzea, kate handiekin prezioan lehiatzeko ezintasuna eta online salmentak nabarmentzen dituzte.

Egoera aztertu ondoren, azterlanaren azken zatian, hamabi negozio ideia potentzialez gain, hainbat gomendio jasotzen dira, tokiko merkataritzaren indarguneak sakontzea eta ikusaraztea (hurbiltasuna, bezeroa ezagutzea, konfiantza, etab.), eta tokiko merkataritzan erosketa zailtzen duten oztopoak gainditzeko soluzio posibleak, besteak beste. Azken horiek elkarrekin sortzeko bi forotan landu ziren. Foro horietan merkatariek eta kontsumitzaileek hartu zuten parte, eta tokiko merkataritza erakartzeko lagungarri izango diren lau jarduera ildotan bildu dira: digitalizazioa, serbitizazioa, irisgarritasuna eta merkataritza dinamizazioa.

Joan den asteazkeneko azterketaren aurkezpen ekitaldian adierazi zenez, helburua bertaratutako saltoki bakoitzak, bere beharren arabera, lan-ildo horietako bat lehenestea zen, udalerriko merkataritza suspertzeko ekintzak edo programak aurrera eramateko orduan udalerri mailako ezinbesteko informazioa izateko.

Datozen asteetan, aurkezpen ekitaldira joan ezin izan zuten tokiko saltokien informazioa ere bilduko da, ahalik eta parte-hartze eta adostasun handiena lortzeko. Merkatarien lehentasunak jaso ondoren, merkataritza suspertzeko ildo estrategikoa lantzen hasiko dira.