Amurriok Udaleko Larrialdi Plana Aktibatu du, eta krisi mahai eratu du

Gaur arratsaldean krisi mahaia deitu da, Josune Irabien alkatea buru, eta Udaleko teknikariek, Udaltzaingoak eta Babes Zibilak parte hartu dute bertan. Ondoren, Amurrioko Udalak neurri berriak hartu ditu eta, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Udaleko Larrialdi Plana aktibatu da.

Datorren astelehenetik aurrera, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) arreta Udaletxeko sarrera nagusian dagoen eta kristalak dituen erakusleihora eramatea erabaki da, koronabirusak eragindako egungo ez ohiko egoera ikusita. Arreta banaka emango da, hau da, pertsona bakarrari arreta emanez. Horrez gain, ahal diren kontsulta guztiak telefono bitartez egitea gomendatzen da: 945 89 11 61.

Udalak hartutako beste neurrietako bat herriko haur jolas-gune guztien itxiera da, birusa zabaltzea eragin dezakeen jende pilaketa ekiditeko. Era berean, arreta berezia jartzea gomendatzen zaie hainbat lokaletan biltzen diren gazteei.

Ostiraletan egiten den azoka ere bertan behera geratuko da bestelakorik adierazi arte.

Gaur arratsaldean hartutako neurriak, atzo hartutako udal instalazio guztien ixtearen osagarri dira. Amurrioko Udalak neurri horiek ezarri ditu, alarmismoetan erori gabe, komunitatearen osasuna guztiontzat onuragarriak diren keinu txiki askoren batura dela uste duelako.