Amurriok Udal Berdintasun Plan berria egiteko herritarren partaidetzarako saio bat deitu du

Amurrioko Udala bere V. Berdintasun Plana egiteko lehen pausoak ematen hasi da. Horretarako, gauzatu aurretik, deialdi ireki bat egingo du Udalak, Amurrioko emakumeen bizitzan eragiten duten alderdiei buruzko eskaera sozial, iritzi, baldintza, behar eta pertzepzio nagusiak zeintzuk diren jakiteko. Informazioa biltzeko saioa apirilaren 21ean izango da, 18:00etan, eta parte hartu nahi dutenek apirilaren 19a baino lehen eman beharko dute izena.

Gaur egun, berdintasun-diagnostikoa egiteko puntuan gaude, eta, horretarako, udalerriko emakumeen iritzia jaso nahi dugu. Programatutako saioaren bidez, Amurrioko egungo egoerari buruzko informazioa lortu nahi da, eta Udalak azken urteetan bultzatu dituen berdintasun-politiken eragina eta emaitzak ezagutu. Deialdi honetatik ateratako ondorioak, antzemandako premiei erantzungo dien V. Berdintasun Plana egiteko abiapuntuetako bat izango dira, eta plana behin betiko onartu aurretik, herritarrekin kontrastatuko da.

“Aurretik diagnostiko on bat egitea funtsezkoa da Amurrioko V. Berdintasun Plana berme osoz gauzatzeko. Plan horrek udalerriko emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gainditzeko politika publikoak bultzatzen jarraitzeko beharrari erantzungo dio”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Lan-saioa apirilaren 21ean izango da, 18:00etan, eta informazioa biltzeko prozesu horretan parte hartu nahi duten emakume guztientzat zabalik dago. Jasaten ari garen osasun egoera dela eta, parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea apirilaren 19a baino lehen, berdintasuna@amurrio.org helbidera mezu elektronikoa bidaliz edo 945 89 11 61 telefono zenbakira deituz eta Berdintasun teknikariaz galdetuz. Bilkura non egingo den inskripzio kopuruaren arabera erabakiko da, eta, beraz, inskripzioa egin ondoren, bertaratutakoei jakinaraziko zaie. Gainera, saio horren ondoren, bide telematikoak gaituko dira lanaldira joan ezin izan diren emakumeek euren ekarpenak egin ditzaten.