Amurriok, PR-A 37 ‘Aspaltza Zirkularra’ izeneko 15,6 kilometroko beste bidexka homologatu bat du

Amurriok bidexka zirkular berriaz goza dezake jadanik. 15,6 kilometro ditu, eta baita bi alternatiba laburrago ere: Mariakakoa eta Aldamakoa. PR-A 37 bidexka homologatua da, inguruneaz, ingurumen-hezkuntzaz eta kirolaz gozatzeko diseinatua. “Aspaltza zirkularra” izena eman zaio.

Ibilbide berriak 1.437 metroko desnibel metatua du, eta Amurrioko Bañueta kiroldegia du abiapuntu eta amaiera. Planteatutako ibilbidea udalerriko mendi publikoko ekosistema kontserbatuetatik igarotzen da. Ekosistema horiek, aldi berean, Amurrioko natura ingurunean dauden ingurumen-hezkuntzarako eremuak lotzen dituzte.

Bidexka Pardio, Mariaka, Aldama, San Roke eta Abiaga auzo zaharretatik igarotzen da. Goikomendi-Kuxkumendi eta Izarza inguruak ere zeharkatzen ditu, eta Aspaltza edo Peña Negra gailurrera iristen da, udalerriko tontorrik altuenetako batera. Bertatik, inguruko panoramikarik ederrenetako bat ikus daiteke.

Zigor Eguia FEDME Bide-teknikariak diseinatutako Aspaltza Zirkularrak Amurrioko 6 Naturbideetatik 4 lotzen ditu. Ibilbidearen % 65 errepide, pista asfaltatu edo erdi-asfaltatuetan edo hartxintxardunetan egiten da. Ibilbide horretan debekatuta dago ibilgailuen zirkulazioa, Udalak baimendutakoak izan ezik; % 30 asfaltatu gabeko baso-pistek eta % 5 bidezidorrek hartzen dute.

 

Bi bariante laburrago

‘Aspaltza Zirkularrak’ bi bariante laburrago ditu. Mariaka saihesbideak 2,15 kilometro ditu, eta jatorrizko ibilbidea laburtu eta 5 kilometrotan uzten du. Ibilbide horren % 35 asfaltorik gabeko lurretatik egiten da, eta gainerako % 75 pistatik edo asfaltatutako errepidetik. Ume txikiekin egiteko aukera ezin hobea.

Aldama saihesbideari dagokionez, 4,25 kilometro ditu, eta San Simoni eta San Judasi eskainitako baseliza duen Aldama auzoa zeharkatzen du. Asfaltatutako pistatik igarotzen den 12,2 kilometroko ibilbidea egiten du.

“Covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, gure aisialdirako uneak ere aldatu egin dira, eta, horregatik, gora egin dute mendi-bideetako edo bidexka naturaletako joan-etorriek. Amurrioarrok zorte handia dugu bizi garen tokian bizi garelako, gozatzeko 850 Ha mendi publiko baino gehiago ditugulako. Bidezidor berri hau, gure inguruak eskaintzen dizkigun aukeren beste adibide bat da”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Une honetan, bidezidor berria aplikazioan sartzeko lanean ari dira. Horrek ibilbidea ezagutzeko aukera emango die udalerritik kanpokoei.