Amurriok ostalaritza sektoreari laguntzeko neurri berriak hartu ditu

Ostalariek eskatuta Udalak ostalaritzako sektorearekin joan den astean egindako bileraren ostean, Amurrioko Udalak sektoreari laguntzeko neurri zuzen berriak hartu ditu, eta baita hainbat konpromiso ere, erakundeen arteko lana, besteak beste. Bestalde, Udalak etengabeko harremana izaten jarraituko du sektorearekin, orain arte bezala.

Amurrioko ostalariei emango zaien lehenengo laguntza, eta zuzenena, urteko azken hiruhilekoko zabor tasa ez kobratzea izango da. Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez, “neurri horrek, ahal den heinean, negozioak itxi behar izatearen ondorioz sektorea jasaten ari den egoera zaila arindu nahi du”. Neurri hori, maiatzean terrazak erabiltzeagatiko 2020ko tasa ordaintzetik salbuesteko hartu zen neurriari gehituko zaio.

Zuzeneko beste laguntza bat enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako 100.000 euroko partida da. Hilabete honen amaieran amaituko da izapidetze-prozesua, eta, beraz, eskatu zutenek datozen asteetan jasoko dute laguntza.

Era berean, Amurrioko Udalak erakundeen arteko lanerako konpromisoa hartu du, Udalaz gaindiko erakundeekin hitz egiteko, Amurrioko ostalaritza sektorearen eskariak haiei helarazteko. Amurrioko Udalak, bere aldetik, mahai eta terrazen ordenantza aldatzen jarraituko du, Covid-19ak eragindako egoera berrira egokitzeko.