Amurriok Mikoturismo Egunen XVII. edizioa ospatuko du urriaren 17tik azaroaren 1era

Ostalaritzako 9 establezimenduk hartuko dute parte larunbat honetan, urriaren 17an, hasiko den eta hiru asteburu luzatuko den perretxikoekin egindako pintxoen XV. Lehiaketan; Abiaga eta Bideko jatetxeek garaiko perretxikoekin egindako menu gastronomikoak eskainiko dituzte.

Urriaren 31n perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia egingo da Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik. Hurrengo egunean erakusketa bisitatu ahal izango da udal pilotalekuan.

Perretxikoak biltzeko garai egokiena heldu den honetan, Amurrioko udalak, Mikoturismo Egunak jarduera antolatu du beste urte batez. Hiru asteburutan perretxikoak izango dira protagonista nagusiak XV. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten ostalaritzako 9 establezimenduetan. Horrez gain, perretxikoen sailkapenerako eta erakusketarako jardunaldiak egingo dira udal pilotalekuan. Jarduera biak, Covid-19aren hedapenari eusteko hartu diren higiene eta osasun neurriak betez egingo dira.

Pintxo lehiaketa

Perretxikoekin egindako pintxoen XV. Lehiaketan ostalaritzako 9 establezimendu hauek hartuko dute parte: Alanbike, Albizabal, Atxubi, Batzokia, El Crucero, El Rinconcito, Guk, Frontón Taberna eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu, epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena, 200 euro eta plaka bat jasoko dituena eta, herritarren bozketaren bitartez aukeratutako pintxorik onena, 150 euro eta plaka bat jasoko dituena.

Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko gutxienez 8 pintxo dastatu beharko dira. Boto-paperak azaroaren 2ra arte sartu ahal izango dira Kultur Etxean eta Udaletxean egongo diren hautestontzietan, eta azaroaren 1ean udal pilotalekuan. Horrez gain, bozketan parte hartzen dutenen artean 275 euroko bi sari zozketatuko dira.

Gastronomia esparruan, pintxo dastaketez gain, Abiaga eta Bideko jatetxeek denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte.

Perretxikoen sailkapena eta erakusketa

XVII. Mikoturismo Egunak ekimenaren barruan egongo den perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldia urriaren 31n izango da udal pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte Mikologikoaren kolaboratzailea, perretxikoen sailkapena egiten arituko da bi orduz. Jarduera horretan interesatuta dagoen edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatuz, edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez.

Perretxiko erakusketa azaroaren 1ean izango da, udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.

Jarduera seguruak

Jarduera horiek gauzatu ahal izateko, Amurrioko Udalak jarduerak modu seguruan gauzatzeko beharrezkoak diren higiene eta osasun neurri guztiak beteko ditu. Udal pilotalekuko edukiera mugatuta egongo da, eta barruko ibilbidea seinaleztatuta egongo da, pertsonak gurutzatu ez daitezen. Gainera, 6 urtetik gorakoek muturrekoa eraman beharko dute, eta segurtasun distantzia gorde beharko da.