Amurriok ‘Kutxazain Herritarra’ du udal zergak ordaintzeko

Amurrioko Udalak kutxazain automatiko bat eskuratu du aldizkako udal zerga guztiak ordaintzeko. Astelehenetik aurrera jarriko da martxan eta, oraingoz, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) ordutegi berean erabili ahal izango da, hau da, 07:45etik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Datozen asteetan, arratsaldeetan erabiltzeko eta, horrela, herritarrei zerbitzua errazteko aukera ere emango da.

Kutxazain automatiko berria HAZaren sarreran instalatuko da. Erraz eta modu intuitiboan erabiltzen den gailua da, eta HAZeko langileek laguntza emango dute, hala eskatzen duten auzotarrek kudeaketak egin ditzaten.

“‘Herritarren Kutxazaina’ instalatzea beste pauso bat da herritarrei udal zergak eta tasak ordaintzea errazteko. Zergak kobratzeko banku-erakunde batekin genuen hitzarmena amaitu ondoren, ordainketak kutxazain horren bitartez egiteko bidea irekitzen da, txartelarekin edo eskudirutan ordaintzeko aukera ematen baitu. Gogoraratzi behar da, halaber, udal webgunean ordainketa-pasabide bat dagoela”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Gailuaren erabilerari buruz

Kutxazain automatikoan kudeaketa hasteko nahikoa izango da pantailan sakatzea, kutxazainaren zerbitzu-menuan sartzeko. Pauso hori eman ondoren, “Eskaneatu ordainagiria” aukera agertuko da. Hautatu ostean, kode-irakurgailua aktibatuko da, eta erabiltzaileek ordainagiriaren barra-kodea hurbildu beharko dute irakurtzeko. Eragiketa onartu ondoren, ordainagiria ordainduz jarraituko da; horretarako, erabiltzaileek ordaintzeko modua aukeratu beharko dute, txartelarekin edo eskudirutan. Ordainketa egin ondoren, ordainagiria inprimatuko da.

Horrela, gailu elektroniko berriak bihartik aurrera zergak, tasak eta isunak ordaintzeko aukera emango du. Zehazki, hauek ordaindu ahal izango dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ); hilerrien, larreen, zaborraren, errotuluen, idazkunen, San Antongo merkatuaren, ibien, eta lurzorua mahaiekin eta aulkiekin okupatzearen tasak; eta baita udal-trafikoko isunak ere.

‘Hiritarren Kutxazaina’ instalatzeko 20.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. “Eskuratu dugun gailuari esker, etorkizunean modulu berriak gehitu ahal izango ditugu, errolda-txartelak lortzeko aukera, besteak beste, herritarrei zerbitzua errazteko”, adierazi du Molinuevok.

 

BakQ txartela ematea

Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuei, IZENPEren BakQ identifikazio elektronikorako bitartekoa lortzeko izapidea gehitu zaie. Horrela, hemendik aurrera, amurrioarrek erraz eskuratu ahal izango dute identifikazio elektronikoko ziurtagiri hori, eta, horrela, beste erabilera-aukera batzuen artean, izapide telematikoak egin ahal izango dituzte Osakidetzaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren egoitzetako webguneetan, eta baita Udalaren egoitza elektronikoan ere.

BakQ ezinbesteko tresna da administrazio-izapideak edozein gailu elektronikoren bidez egiteko. Doako ziurtagiria da, eta hainbat administrazio publikotan izapideak egiteko eta dokumentuak erregistratzeko aukera ematen du.

“Udalerrian BakQ ziurtagiria emateko prozesua martxan jarrita, herritarrek Amurrioko Udalarekin gestioak egiteko erabili ahal izango dute”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Udalaren egoitza elektronikoan identifikazio hori erabilita, eskabide bat baino gehiagotarako izapide orokorrak egin ahal izango dira, eta baita unean bertan errolda-ziurtagiria eskuratu ere.

BakQ 16 urtetik gorako pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute, eta horretarako ezinbesteko baldintza izango da helbide elektroniko bat eta telefono mugikor bat adieraztea, ondoren zerbitzua erabiltzeko balioko duen pasahitza jasotzeko. Eskuratu nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura joan beharko dute, 07:45etik 15:00etara.