Amurriok kaleko kultur programazioarekin jarraituko du abuztuan

Amurrioko Udalak “Udako Kultur tantak. Kultura kalean” programarekin jarraituko du abuztuan.  Aisialdiko jarduerak programatu dira, kaleko antzerkia, formatu txikiko kontzertuak, dantza-ikuskizunak eta bertso saioa, besteak beste. Bertaratutakoentzat seguruak diren formatuak prestatuko dira, betiere osasun agintariek ezarritako neurriak eta gomendioak errespetatuz.

Programatutako ikuskizunetan segurtasuna gordetzeko, jarduera guztiek aurretik erabakitako edukiera izango dute, eta ikus-entzuleak eserita egon beharko dira. Gainera, aretora sartzean 6 urtetik gorakoek maskara erabili eta higiene eta osasun-neurrien protokoloa bete beharko dute, eskuak garbitu, adibidez.

“Abuztua Amurrioko herritarrek herriko jaiei hasiera emateko Iguarrakoren etorrera gogoz itxaroten duten hilabetea da, baina aurten bizitzen ari garen egoerak ez du zerikusirik ohituta gaudenarekin. Jaiak bertan behera uztea erantzukizuneko ekintza da guztiontzat, eta orain gure bizilagunekin inoiz baino solidarioagoak izatea eta ezarritako osasun neurriak betetzea dagokigu. Dena den, kultura gure gizartearen ezinbesteko zutabea da, eta, beraz, “Udako Kultur tantak. Kultura kalean” programarekin kalitatezko kultur aisialdiari bizirik eutsiko diogu, formatu txikian, jarduera seguruekin eta eskatutako segurtasun parametroak zorrotz betez”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Amurrio Got Talent

Amurrioko kultura dinamizatzeko beste apustu bat amurrioarrek Amurrio Got Talent-en online parte hartzea da. Telebistako talentuen formatua eraldatu egin da Amurrioko herritarrek euren talentuak erakuts ditzaten. Parte hartzea oso erraza da, aurkezpen txiki bat duen bideoa bidali eta erakutsi nahi den talentu edo jarduera zehatza partekatu besterik ez da egin behar. Bideoak gehienez 3 minutu eta erdikoak izango dira, eta abuztuaren 15eko 12:00ak arte bidali ahal izango dira WhatsApp bitartez 665 712 802 zenbakira edo emailez amurriogottalent2020@gmail.com helbidera. Gainera, parte hartzen duten pertsona guztiak, Amurrioko saltokietan, ostalaritzako establezimenduetan eta zerbitzu pertsonaletan erabiltzeko 50 euroko 20 bonuren zozketan sartuko dira.

ABUZTUKO PROGRAMAZIOA ‘UDAKO KULTUR TANTAK. KULTURA KALEAN’

Abuztuak 8: “Aukerak/caminos” The Funes troup, kaleko antzerkia. 20:00etan. Juan Urrutia plaza.

Abuztuak 9: “Bach en el espejo” Conductus Ensemble, Buxtehuderen, Pachelbelen, J. C. Bachen eta J. S. Bachen obrak (Musika Hamabostaldiaren luzapena), kontzertua. 20:00etan. Amurrio Antzokia.

Abuztuak 12: Baserriko produktuen azoka. 10:00etan. Juan Urrutia plaza.

Abuztuak 13: Musika Eskolako folk taldea, kontzertua. 19:00etan. Villa Fe.

Abuztuak 14: “Frescool” Tio Tenoren Semeak, dantza ikuskizuna. 20:00etan. Juan Urrutia plaza.

Carl I & I+Aiaraldeko Sound System, kontzertua. 21:00etan. Juan Urrutia parkea

Abuztuak 15: “Ez da kasualitatea”, bertso saioa. 20:30ean. Juan Urrutia plaza.

“Su a Feu” Deabru beltzak, kaleko ikuskizuna. 22:00etan. Juan Urrutia parkean.

Abuztuak 16: Amurrioko txistuzaleak. 11:30ean. Herrian zehar.

“Turistreando” Trapu zaharra, kaleko antzerkia. 20:00etan. Juan Urrutia plaza.

Chiki Lora, kontzertua. 21:00etan. Parkea.

Abuztuak 17: “Al otro lado” Zanguango, kale antzerkia. 20:00etan. Juan Urrutia plaza.

“Ostirala 6”, kontzertua. 21:00etan. Parkea.

Abuztuak 22: Xaibor, diskoteka ibiltaria. 20:00etan.

Gainera, irailean, hilaren 7an, Magialdiaraba Amurriora iristea dago aurreikusita, 7 eta 12 urte bitarteko adingabeentzako tailer, animazio eta magia ikuskizunekin. Bestalde, irailaren 18an Blues Morning Singers taldearen kontzertua dago programatuta.

Gaurtik aurrera, amurrioar etxeetan, abuztuko programazioaren diptikoaz gain, Iguarrakoren irudia banatuko da etxe guztietan papiroflexian egiteko. Gaur bertan, “Amurrioko Galeria”  YouTubeko udal kanalean argitaratutako bideoan jarraitu ahal izango dira muntatzeko jarraitu beharreko pausoak. Horrez gain, udalerriko dendetan, doan hartu ahal izango dira herriko kuadrillen jantziekin rekortableak egiteko materiala.

IGUARRAKO ORIGAMI

PANPINAK