Amurriok herriko saltoki, zerbitzu eta ostalaritza digitalizatzeko eta bultzatzeko udalerriko lehenengo Marketplace-a kaleratu du

Amurrioko Udalak, Izan Amurrio-Apymca merkatari elkarteak eta Rural Kutxak, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz eta udalerriko enpresen egoera eta online salmenten hazkundea kontuan hartuta, hilabeteak daramatzate euren produktuak salgai jarri ahal izateko plataforma digital bat martxan jartzen.

Izan Amurrio-Apymcatik “aspaldi ikusi genuen gure udalerrirako online salmentarako marketplace edo plataforma bat sortzeko beharra; duela urtebetetik bizi den pandemiaren ondorioz, azkarrago egin dugu lan plataforma hori sustatzen. Gainera, guretzat elkartegintza indartzeko eta garatzeko aukera izan da”.

“Zure merkataritza gara, Amurrio” izenpean, guztira 37 establezimenduk osatzen dute plataforma hori. Online erakusleiho horrek udalerriko saltokien, zerbitzuen eta ostalaritzako lokalen eskura jartzen du establezimenduen digitalizazioa, https://www.somostucomercio.com/amurrio/comprar helbidearen bidez. Horrela, “Zure merkataritza gara, Amurrio” programak “hurbileko merkataritzaren izaera, nortasuna eta balioak bultzatu nahi ditu, baina denak atari beraren azpian edukitzeak ematen duen erraztasunarekin”.

Proiektuari bizirik eusteko asmoz, Amurrio Bideanek, Amurrioko Udaleko Tokiko Garapen Agentziak, pertsona bat kontratatu du tresna digital hori edukiz hornitzeko, erabiltzaileak prestatzeko eta plataforma eguneratuta izateko. Gainera, datozen hilabeteetan establezimendu gehiagok bat egiteko aukera egongo da.

Amurrioko Udala pozik agertu da proiektua martxan jarri izanagatik, “sektoreari tresna indartsua ematea eta Amurrioko dendak, zerbitzuak eta ostalaritza lehiakorragoak izatea dakarrelako. Gainera, bezeroek herriko dendetan erosketak egiteko beste bide bat izango dute”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

 

Bezeroentzako abantailak

Plataforma berri horren bidez, bezeroentzako aukerak askotarikoak dira. Produktua dendan jaso eta eskura ordaindu edo etxera bidali ahal izango da. Tokiko enpresa bat arduratuko da bidalketak udalerri berean eta eskualdean egiteaz. Probintzia barruko eta probintziarteko bidalketak egiteko enpresa bat ere badago.

Tresna erraz eta intuitiboa erabiliz, ordainketak ohiko bideak erabiliz (transferentziak, banku-txartelak edo paypal) egin ahal izango dira. Gainera, laster Bizumen bidez ere ordaindu ahal izateko lanean ari dira.

Proiektu horrekin bat egin nahi duten Amurrioko establezimenduek Izan Amurrio-Apymcarekin harremanetan jarri behar dute izanamurrio@apymca.com helbide elektronikora idatziz edo 945891200/670497108 telefono-zenbakietara deituz.