Amurriok herriko jaiak bertan behera uztea erabaki du

Josune Irabien Amurrioko alkateak  gaur goizean jakinarazi dutenez, 2020ko jaiak abuztuan ez ospatzea erabaki du, COVID-19ak Euskadin eragindako egoeraren ondorioz, eta Osasun Publikoak aire zabaleko jarduerak eta hiriko ekitaldi jendetsuak egiteko espazio publikoko edukieren mugari dagokionez dituen irizpideen ondorioz.

Horrela, bete egiten dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako jarraibideak eta EUDELek, Euskadiko Udalen Elkarteak, helarazitako gomendioak (Batzorde Betearazleko kideek aho batez), edukiera murrizteari, distantzia soziala mantentzeari, sarbideak kontrolatzeari eta datozen hilabeteetan ekitaldi ez-jendetsuak egiteari dagokienez. Herriko jaiak bertan behera geratu direla ofizialki jakinarazi da dagokion udal batzordean, gainerako ordezkari politikoen aurrean.

Jaiak ospatzeko aurrekontuaren zati handi bat une honetan lehentasunezkoagoak diren beste behar batzuetara eramango da, besteak beste, gizarte-zerbitzuetara edo merkataritzarako eta ostalaritzarako laguntza-poltsetara.

Uda/Udazkena Jaia-Kultura

Udalak badaki inpaktu handiko jarduerak ezin izango direla egin, baina osasun-neurriak zorrotz betez gero, pandemiaren bilakaerak horretarako aukera ematen badu, formatu txikiko jarduerak egitearen alde egin daiteke, hala nola kale-animazioa, antzerkia, musika eta abar, betiere edukiera mugatzeko neurriak hartuta, eserita, sarbideak kontrolatuta eta pilaketak saihestuz. Horregatik, Josune Irabien Amurrioko alkateak aurreratu duenez, “Lanean ari gara uda/udazken jai eta kultur programa Amurrion diseinatu ahal izateko”.

“Badakigu jaiak, garrantzi sozial handiko garaia izateaz gain, motor ekonomiko bat direla; horregatik, jaiak garatzeko finkatutako aurrekontua tokiko ekonomia suspertzeko erabiliko da. Hala ere, jaiak ospatzeari ez diogu uko egiten, San Prudentzioko danborradarekin egin genuen bezala, geure burua berrasmatzen saiatuko gara. Tokiko negozioetan duten eragina mantentzeko lan egingo dugu, beti ere gure bizilagunen osasuna bermatuz “, gaineratu du alkateak.