Amurriok hamar jarduera baino gehiagorekin erreibindikatuko du martxoaren 8a

Amurrioko Udaleko Berdintasun Saila beste urte batez aritu da martxoaren 8aren inguruko programazioa antolatzen. Horretarako, Udala elkarteekin eta ikastetxeekin elkarlanean ibili da, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan sentsibilizazioa lantzea helburu duen programazio zabala eta askotarikoa lortzeko.

“Martxo osoan zehar, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorraren bilaketarekin eta sentsibilizazioarekin konprometitutako programazioan murgilduko da Amurrio. Arlo horretan, programazioan lagundu duen eta hain garrantzitsua den konpromiso honetan Udalaren eskutik doan gure udalerriko elkarte egituraren garrantzia azpimarratu nahi nuke”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Bihartik martxoaren 15era, La Casonak “Emakumea eta sorkuntza” erakusketa hartuko du. ‘Ekosistemaren kartografia berriak’ lelopean, Aiaraldeko emakume artisten arkitektura, argazki, bideo-arte, eskultura, pintura eta ilustrazio erakusketa ikusteko aukera emango digu. Erakusketa, Amurrion egingo den 2020ko Araba Euskarazen programazioaren barruan dago.

Erakusketaren barruan mahai-ingurua antolatu da martxoaren 6rako, ostiralerako, 18:00etan La Casonan. Bertan, Katixa Agirrek, Uxue Alberdik, Bikirte Alonsok eta Haizea Barcenillak, bakoitzak bere diziplinatik, euskararen, kulturaren transmisioaren, eta genero ikuspegiaren unibertso poliedrikoan murgilduko dituzte bertaratutakoak.

Asteazkenean, martxoaren 4an, munduko emakumeei buruzko hitzaldia emango da, Oinez Proiektuan parte hartzen duten pertsonei zuzenduta. Bertan, hainbat kontinentetako emakume aitzindarien bizitzak eta historiak partekatuko dira. Gainera, martxoaren 6an, ostiralean, stand bat jarriko dute merkatuan, eta bertan, Oinez Proiektuko kideek martxoaren 8rako egindako giltzatakoak banatuko dituzte, hileko jardueren programazioarekin eta gauzatzen duten proiektuari buruzko informazioarekin batera.

Ostiralerako, poesia errezitaldia ere antolatu da Nagusi Etxean, Amurrioko “Hileko lehen osteguna” literatura taldeak antolatuta. Taldeko kideez gain, Amaurre ikastetxeko bi ikaslek ere hartuko dute parte. Ekitaldia 17:30ean izango da, eta herritar guztiei irekita egongo da.

Amurrio Antzokiak “Emakumeak Musikan” kontzertua jasoko du martxoaren 7an, larunbatean, 20:00etan, Amurrioko Musika Eskolak antolatuta. Kontzerturako sarrera doakoa da, baina gonbidapena beharko da. Gonbidapena Kultur Etxean jaso ahal izango da, edo leihatilan, egunean bertan, leku guztiak bete arte.

Bestalde, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, elkarretaratzea egingo da Amurrioko Udaletxeko plazan, 12:00etan.

Martxoaren 12an, ostegunean, “Chica seria y responsable” zine-foruma izango da Amurrio Antzokian. Dokumentalak ibilbide laburra egiten du sei emakume migratzaileren eta etxeko zerbitzuko langileen, hiru diskriminazio ardatzak, generoa, klasea eta jatorria elkartzen diren sektorean aritzen direnen, bizitza erakusten duten lekukotzetatik. Proiekzioa amaitu ondoren, solasaldia egingo da gidoilariarekin eta dokumentaleko protagonistetako batekin. Sarrera doakoa izango da.

Gainera, martxoaren 9tik 15era bitartean, Amurrioko HHEk eta DBHko 2. mailako ikasleek “M8, zergatik egiten dugu? M8ren esanahia eta garrantzia” izenburua izango duten hainbat saiotan hartuko dute parte. Asteari amaiera emateko, hirugarren urtez jarraian, Berdintasunaren Aldeko Eskualdeko Ibilaldi Neurtua egingo da Amurrio eta Laudio artean.

Martxoaren 18an, asteazkenean, 18:00etan, Kultur Etxean “Hackeo a la historia del arte” hitzaldia emango du Silvia Ayerrak. Hitzaldian, ibilbide historiografikoa egingo da pintura klasikotik jardunbide artistiko garaikideetara, horren bitartez, jakintzaren eta kulturaren sorkuntzan arteak duen garrantziaz jabetzeko. Gainera, beste gai batzuetan ere sakonduko da, “Jenioaren mitoan”, estereotipo femeninoen sorkuntzan edo bortxaketaren kulturan, besteak beste.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko programazioari amaiera emateko, martxoaren 21ean, larunbatean, “Erradikalak ginen” antzerkia taularatuko da Amurrio Antzokian. 20:00etan hasiko den antzezlanak bi emakume elkartuko ditu taula gainean, maleta kontraesanez beteta eta bertso-bakarrizketa formatuan, eta, barru-barrutik, umorez hitz egingo dute. Emanaldia euskaraz izango da, doako sarrerarekin.