Amurriok euskararen mapa aurkeztu du, inplikatutako 91 eragilerekin

Amurrioko Udalak, Ahize-AEk euskara aholkularitzarekin batera, proiektuan inplikatuta dauden 91 eragileak identifikatzen dituen euskararen mapa egin du. Mapa horren helburua “Amurrion gehiago irabazi euskararekin” euskara planari jarraipena ematea da. Plan hori duela hiru urtetik egiten ari da udalerriko merkatariekin, ostalariekin, enpresa txikiekin eta elkarteekin.

Mapa horren bitartez, udalerriko jatetxe, taberna, denda, elkarte eta enpresa txikietan euskaraz harremanak izan ditzaketen pertsonak identifikatu gura dira, herritarren artean euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Ekimena aurreko urteetan merkataritzari, ostalaritzari, enpresa txikiei eta elkarteei zuzendutako hizkuntza aholkularitza programan aurrera eramandako ekintzen jarraipena da.

Mapan, partaide bakoitza bere negozioa edo elkartea dagoen lekuan jarri da, eta euskararen ezagutza mailaren edo ezarpenaren arabera kolore desberdinarekin identifikatu dira. Horrela, Amurrioko herritarrek hizkuntza zein egoeratan erabili dezaketen jakin ahal izango dute.

 

Partaideen artean hiru kategoria ezarri dira: puntu zuriak %100 euskaldun direnak adierazten ditu, hau da, langile guztiak euskaraz komunikatzeko gai direla esaten du; puntu urdinak %50 euskaldun diren lekuak erakusten ditu, langile batzuk euskaraz komunikatzen direla adieraziz; azkenik, laranja kolorekoak, euskararekiko konpromisoa hartu dutenak dira, kartelak hizkuntza horretan jartzeko edo ikasteko konpromisoa hartu dutenak, hain zuzen ere. Maparen atzealdean, gura duten herritar guztiekin euskaraz komunikatu daitezkeen 66 pertsonen argazkiak daude.

Herriko etxe guztietako postontzietan sartuko diren euskararen 5.000 mapa banatuko dira eta Turismo bulegoan ere ale batzuk utziko dira. Horrez gain, beste ekitaldi azpimarragarri batzuetan ere banatuko dira, abenduaren 13an egingo den Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldian edo urtarrilaren 4an BECeko bertsolari finalistekin egingo den jaialdian.

Merkataritzaren sektorean euskara sustatzeko bideari jarraituz, euskarazko erakusleihoen lehiaketa egingo da aurten lehen aldiz. Abenduaren 9tik 19ra izango da.

“Euskararen normalizazio prozesuan murgilduta gaude, bai erakundeetan, baita gizartean ere. Horregatik, gaur aurkezten dugun ekimena eta antzekoak, gure hizkuntza kalera ateratzeko pauso txikiak dira. Gure eguneroko jardunean euskaraz komunikatu daitezkeen pertsonak identifikatuta dauzkagunez, aurrerapauso bat ematera eta Euskaraldian lortutako bultzadari eustera animatzen zaituztegu”, esan du Josune Irabien Amurrioko alkateak.