Amurriok eskolako jolastoki inklusiboak bultzatzen ditu, Elkartoki programaren bitartez

Amurrioko Udala, Lucas Rey eta Zabaleko ikastetxeekin batera, ikastetxeetako jolastokiak eta espazio komunak egokitzeko lanean ari da Elkartoki programaren bidez. Irailetik bi ikastetxeekin ari da lanean, eta proiektua ikasturte osoan luzatuko da.

Elkartoki, Tipi Studiok diseinatutako ekimena da. Tipi Studio hainbat diziplinatako profesionalek osatzen duten kooperatiba da, arkitekturatik hasi eta komunikaziora eta humanitateetara, eta gizartea eraldatzeko diseinuan egiten du lan. Ikasleak protagonista dituen ekimenak generoa, integrazioa eta kultura aniztasuna lantzea du helburu, eta baita umeei dagozkien ekintzetan partaidetza sustatzea ere.

Ikastetxeko jolastokia da umeek bizi eta esperimentatzen duten lehen espazio publikoetako bat. Espazio horiek, euren diseinuarengatik, ezaugarriengatik eta kudeaketa ereduengatik, umeen jokabideetan eta portaeran eragina duten mezuak eta ikaskuntzak transmititzen dituzte. Testuinguru horretan, jolas batzuk besteen gainetik geratzen dira, eta jarduera gutxi batzuek espazioaren erdigunea hartzen duten bitartean, gainerako jarduerak periferian geratzen dira, baztertuta. Hori dela eta, kalitatezko eta berdintasunezko harreman anitzak bultzatuko dituen espazioa izan beharrean, guztiz kontrakoa sortzen du, sarri askotan eskoletako proiektu pedagogikoak beste alde batetik joan arren.

Proiektu horren bitartez, eskolako jolastokiek, ikaskuntzarako, jolaserako eta berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako harremanak benetan eraikitzeko espazio gisa funtzionatzea lortu nahi da. Elkartokik ematen duen plusa jolastokiaren diseinu eta eraikuntza partaidearen fasean artea erabiltzea da, arteak bestelako subjektibotasunak eta errealitatea beste ikuspuntu batzuetatik ikusteko eta gauza desberdinak sortzeko aukera ematen dituelako.

Ekintza aktibatzailea

“Elkartoki” joan den irailean abiatu zen Amurrion. Lehenengo pausoa proiektua abiarazteko ekintza aktibatzaileari ekitea izan da, ikastetxeko jolastokian ikasleen artean interesa eta emozioa sortzeko, espazio hori beste ikuspegi batetik ikusteko. Proiektuak hiru fase izango ditu: JABETU, ASMATU eta ERALDATU. Horrela, umeek, eskolako komunitatearekin batera, jolastokiaren inguruneari buruzko hausnarketa prozesua egingo dute, euren inguruan gertatzen dena, harremanak, erabilerak eta gainerakoak ulertzeko. Jarraian, izan nahiko luketen jolastokia irudikatuko dute, eta euren desio eta ideia indibidualak amankomunean jarri, diseinu bateratua egiteko. Horren ondoren, probatuko dituzten prototipoak egingo dituzte, euren planteamendutik zerk funtzionatzen duen eta zerk ez antzemateko.

“Oso garrantzitsua da txikitatik hainbat espaziotara aplikatutako genero alderdiak eta kultura aniztasuna lantzea, eta Elkartoki proiektuaren bidez, Lucas Rey eta Zabaleko ikastetxeetako ikasleak eragile aktiboak izaten ari dira horiek ingurune hurbilean lantzeko, ikastetxeko jolastokian, hain zuzen ere. Gainera, programa honen bidez, txikitatik, egunerokotasunean eragina duten esparruetan partaidetza aktiboaren kultura irakasten ari zaie”, esan du Josune Irabien Amurrioko alkateak.