Amurriok Errotatxu eta Bañuetaibar kaleen arteko bidegorri proiektuaren erredakzioa esleitu du

Amurrioko Udalak udalerriko bidegorri sareari jarraipena ematearen aldeko apustua egin du. Hori dela eta, bizikletaren erabilera sustatzeko jarduketen barruan, Errotatxu eta Bañuetaibar kaleen artean doan trazatu proiektuaren idazketa esleitu da. Gainera, bidegorri sarearen hobekuntzarako mugikortasun azterlana egingo da. Proposamena, aurten egin den eta partaidetzan oinarrituta dagoen AmurriokoEKIN aurrekontu prozesuaren ondorioa da.

Mugikortasun jasangarriaren bultzada da Udalaren lanaren ardatzetako bat. Hori dela eta, beharrezkoa da Amurrioko bidegorri sarearen etengabeko hobekuntzan aurrera egitea. Ildo horretan, eta partaidetzan oinarritutako aurrekontuen kanpainan boto gehien jaso zuen ekimenetako bat izan zela kontuan izanda, Errotatxu eta Bañuetaibar kaleen arteko bidegorri proiektuaren idazketa egingo da.

Nerbioi ibaiaren ondoan dagoen oinezko eta bizikleta sarea luzatuko duen 200 metroko trazatua da. Tarte hori egin ondoren, Parke Linealetik doan eta hiri lurzoruaren barruan dagoen ibilbide osoa amaitutzat emango da.

Mugikortasun azterlana

Amurrioko bidegorrien hobekuntzarekin batera, Udalak bizikleta bidezko mugikortasun azterlana egingo du, beharrezkoak diren jarduketak identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko. Azterlana Intra, Ingeniería de tráfico S.L. enpresak egingo du.