Amurriok bi jolas-gune berri izango ditu urtearen amaieran

Amurriok bi jolas-gune berri izango ditu hilabete honen amaieran. Mendiko kaleko orubea egokitu ondoren, AEKren instalazio zaharretan haur-jolasak eta kautxuzko zorua jarriko dituzte, lanak amaitutzat emateko. Bestalde, Abiagabarri auzoan dagoen parkeari dagokionez, lurzorua berritzeaz gain, 45‑m2 gehiago izango ditu, zabu-gune berri bati esker. Bi jarduketek 49.500 euroko inbertsioa ekarri dute.

Mendiko kaleko jolas-gunea

Mendiko kaleko jolas-gunea azken exekuzio-fasean sartu da. Haurrentzako jolasak jartzeko orubea egokitu ondoren, hilabete honetan zehar, horrelako instalazioetan ohikoa den kautxuzko segurtasun-zorua jarriko da, baita jolas-eremua osatzen duten elementuak ere.

Dorre aktibo batek, txirristak, igoera-jolasen eremu batek, oreka-barra batek eta hainbat tamainatako esferek osatuko dute Mendiko kaleko haurrentzako jolas-gunea. Erabilera anitzeko eremua, 550 m2-koa, Lucas Rey ikastetxe publikoko jolastokiarekin lotuta egongo da, eta ikastetxeko ikasleek jolas-gune gisa erabiliko dute eskola‑orduetan. Ordutegi horretatik kanpo, herritar guztientzat egongo da zabalik.

Aisialdi-espazio berri horrek erantzuna ematen dio AmurriokoEKIN aurrekontu parte‑hartzaileen lehen kanpainan aukeratutako proposamenetako bati.

Abiagabarri auzoko jolas-gunea

Abiagabarri auzoko jolas-gunean, egun dagoen 196 m2-ko zoladura ordezten ari dira, denboraren poderioz hondatuta baitzegoen. Horrez gain, jarduera horrekin batera, hilabete honetan zehar jolas-eremua zabalduko da, beste 45 m2 gehigarrirekin, eta bertan 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako jolasak jarriko dira. Aurten egin diren auzo-batzarretan egindako proposamenetako bati erantzuten dio jarduketa horrek.