Amurriok, aurten eraildako emakumeak oroitzeko zuhaitz bat jarriko du bihar

Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak, Amurrioko Aisia Eskaut Taldearekin elkarlanean, Gabonetako zuhaitz bat jarriko du bihar Mendiko kaleko parkean (Arana etxea izandakoan), 2019an estatuan indarkeria matxistaren ondorioz hil diren emakume guztiak oroitzeko. Zuhaitzean 55 bola more jarriko dituzte, lazo batekin eta, Gabonak familiarekin igaro ezin izango dituen emakume bakoitzaren izena daraman etiketa batekin. Ekitaldia bihar, ostiralean, izango da, 18:00etan.

Ekimen horren bitartez Amurrioko Udalak genero-indarkeriaren aurkako borrokan konpromiso sendoa duela erakutsi nahi da, hezkuntzaren, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren bidez, eta, era berean, herritarrei eta herriko elkarteei borroka aktiboa egin dezatela eskatzen zaie, genero-indarkeriari amaiera ematera eramango duten jarduketa eraginkorrak gauzatzeko.

“Amurrioko Aisia Eskaut Taldeko gazteek bi urte daramatzagu gaur egun jasaten ditugun bidegabekeriei buruzko hainbat gai lantzen. Landutako gai garrantzitsuenetakoa genero-indarkeria eta matxismoa izan dira; horregatik, ikusgaitasuna eman nahi izan diegu indarkeria hori jasan duten emakume guztiei. Proiektu honen bitartez, omenaldia egin nahi diegu aurtengo biktima guztiei, eta jende guztia kontzientziatu nahi dugu, txikienak batez ere, aurrerapausoak eman diren arren desberdintasunak hor jarraitzen duela ikus dezaten”, azaldu dute Aisia Eskaut Taldeko kideek.

Bestalde, Ixone Saratxaga Berdintasun Saileko zinegotziak azpimarratu duenez, “Emakumeen aurkako indarkeria gure gizartean dagoen desberdintasunaren sinbolo basatiena da, pertsonen eskubide oinarrizkoenen aurka egiten du eta giza eskubideen bortxaketa da, eta demokraziaren eta gizartean bilatzen dugun aurrerapenaren bidean aurrera egiten jarraitzea eragozten dio gizarteari. Gainera, ekimen horren bitartez, erailak izan direlako aurten Gabonak euren familiekin igaro ezingo dituzten emakume eta ume guztiak oroitu nahi ditugu”.