Amurriok Arabako Urbide Ur Partzuergoarekin bat egitea onetsi du

Amurrioko Udalaren Osoko Bilkurak, atzo egindako bilkuran, Urbide Arabako Ur Partzuegoan sartzea onartu zuen. Aurretik, Kantauriko Urkidetza Ur Partzuergoa desegitea onartu da.

“Amurrioko Udala Urbide Ur Partzuergoan sartzeak dagoeneko eraikitzen ari diren araztegi berriekin sortuko diren aldaketei berme osoz aurre egiteko aukera emango du. Atzo onartutako atxikipenari esker, Amurrioko herritarrei ez zaie uraren prezioa igoko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Kantauriko Urkidetzak urte hauetan modu eraginkorrean gauzatutako ereduari 2025ean araztegiak martxan jartzearen ondoriozko saneamenduaren kudeaketa gehitu behar zaio. “Obrak hasita dauden honetan, eskualdeko erakundeoi, berme osoz kudeatzen nola jarraitu asmatzea dagokigu, eta hori partzuergo handiago batetik bakarrik egin daiteke. Zentzu horretan, zerbitzuaren ezaugarriengatik, aukera bideragarri bakarra Urbide da”, adierazi du Molinuevok.

Arabako Urbide Ur Partzuergoa

Urbide Ur Partzuergoak 2019an hasi zuen bere ibilbidea, Arabako Foru Aldundiak sustatuta, eta Arabako Uraren Ziklo Integrala modu bateratu, eraginkor eta iraunkorrean kudeatzea du helburu. Ura kudeatzeko eredu berri horrek uraren hornikuntzaren, edangarritasunaren, estolderiaren eta arazketaren kudeaketan batu nahi ditu indarrak. Azpiegitura hidraulikoen kontrola hobetzeaz gain, kudeaketa profesionalizatuaren bitartez, besteak beste, Nerbioi ibaira eta haren erreketara egiten diren isurketak murriztuko ditu, eta gerta daitezkeen ezustekoen aurrean erantzuteko gaitasun handiagoa izango du, ingurumen arloko Europako araudia betetzea bermatuko duen testuinguruan.