Amurriok amaiera eman dio udalerriko emakumeen memoria elkarren artean berreskuratzeko tailerrari, hiru horma-irudi jarrita

Joan den ostiralean udalerriko hainbat puntutan hiru horma-irudi jartzeak amaiera eman zion Amurrioko emakumeen memoria berreskuratzeari buruzko Udaleko Berdintasun Sailetik bultzatu den tailerrari. Irudi laborategia irailean hasi zen, eta Kultur Etxean 5 jardunaldi egin dira. Horri esker, parte-hartzaileek horma-irudietan agertzen diren emakumeen bizitzak eta historiak landu ahal izan dituzte.

Tailerra amaitzeko egin den argazki-ekintzan hiru horma-irudi handi jarri dira udal pilotalekuaren sarrerako horman eta Udaletxeko plazara sartzeko horma batean. Horma hori ere Pilotaleku kalearen inguruan dago. Horma-irudietan hainbat emakumeren irudiak jasotzen dira, emakume horiek espazio publikoetan ikusgai jartzeko eta emakume bakoitzaren ibilbidea eta lekukotasuna balioesteko.

Argazkiak aukeratzea ez da erraza izan, baina, azkenean, Amurrioko emakumeen memoria kolektiborako esanguratsuak diren hiru irudi aukeratu dira. Irudien aukeraketan “historian zehar emakumeen gain jarri diren estereotipoak apurtu nahi izan ditugu”, azaldu du Silvia Ayerra tailerreko instruktoreak.

Irudi horietako bat Rosa Mari Ibañez de Elejalde Lavínek gidatzen zuen autobusarena izan da. Argazki horrekin batera, garai hartako bere gidabaimenaren bertsioa egin da, eta hori ere horman jarri da. Bestalde, udal pilotalekuaren sarrerako fatxadan, auto batean doazen eta kameraren aurrean jarrera sendoa eta segurua duten hiru nesken argazkia jarri da: “garai hartako argazkien jarrera tipikotik kanpo zegoela iruditu eta izugarri gustatu zitzaigun”, adierazi du Ayerrak.

Ekintza hori gauzatzeko argazkiak Aztarna Elkarteko irudi artxibategiak eta Amurrioko hamabi emakumeren bizitza eta oroitzapenei buruzko ´Nosotras también contamos´ liburuak laga dituzte.