Amurriok 27 zehapen izapidetu ditu, Alarma Egoeran hartutako neurriak ez betetzeagatik

Amurrioko Udaltzaingoak 27 zehapen jarri ditu, joan den astean Alarma Egoera deitu eta COVID-19 koronabirusaren hedapenari eusteko neurriak agindu zirenetik.

Lehenengo egunetan, Amurrioko Udaltzaingoak kalean zebiltzan herritarrak identifikatzeko lanak egin zituen, eta indarrean dagoen Alarma Egoera dela eta ezarrita dauden mugen berri eman zien, inolako zehapenik jarri gabe.

Egokitzapen eta neurriak ezagutzeko epealdia gainditu ondoren, Amurrioko Udaltzaingoak 27 pertsona zehatu ditu, ezarritako jarraibideak ez betetzeagatik. Halaber, 116 pertsona eta 272 ibilgailu identifikatu dira.

Amurrioko Udaletik gogorarazi nahi da, Ministro Kontseiluak onetsi duen Errege Dekretuak xedatzen duenez, herritarrek euren etxeetan egon behar dutela, eta honetarako baino ezin dutela kalera irten:

  • Elikagaiak, farmaziako produktuak eta beharrezko bestelako gaiak eskuratzeko.
  • Osasundegietara joateko.
  • Euren lantokira joateko, laneko jardunbidea, profesionala edo enpresakoa gauzatzeko.
  • Ohiko bizilekura itzultzeko.
  • Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, urritasunak dituztenei edo bereziki kalteberak direnei arreta eta zaintza emateko.
  • Finantza eta aseguru erakundeetara joateko.
  • Ezinbesteko edo beharrezko egoeretan.
  • Antzeko izaera duen beste edozein jarduketa gauzatzeko, behar bezala justifikatuta baldin badago (txakurrak paseatzea, adibidez).

Beste alde batetik, egoera honek irauten duen bitartean, Amurrioko Udaltzaingoa egunean 24 ordutan egongo da herritarren esanetara, hiru txandatan banatuta.

“Bizitzea egokitu zaigun egoera zail honen aurrean, Amurrioko herritarren ardura eta erantzukizuna eskatu nahi ditut. Etxean geratzea da egoera honi aurre egiteko modu bakarra. Horregatik, ezinbestekoa da agintarien aholkuak errespetatzea, norberaren etxetik ez irtetea eta Udaltzaingoaren jarraibideak jarraitzea”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Eraikinen desinfekzioa

Arabako Foru Aldundiko su-hiltzaile taldeak, Amurrioko adinekoen foru egoitzaren eta eguneko zentroaren eta etxebizitza komunitarioen kanpoaldeak desinfektatzeko lanak ari dira egiten