Amurrio Antzokiak sarrerak online saltzeko sistema ezarri du

Amurrio Antzokiak Amurrioko bizilagunentzako fidelizazio kanpaina bultzatu du aurten ere, bazkide txartelaren bitartez, udalerrian arte eszenikoak zabaltzeko helburuarekin. Aurtengo berrikuntzen artean, sarrerak online saltzeko sistemaren ezarpena nabarmendu behar da. Gainera, zinearen eta Zinebonoaren prezioak iazko berberak izango dira.

Amurrio Antzokiak datorren urtean izango duen berrikuntza nagusietakoa sarrerak saltzeko sisteman dago. Datorren astetik aurrera, online saldu ahal izango dira, urtarriletik aurrerako zuzeneko ikuskizunetarako. Bigarren fasean, zineko sarrerak eta Zinebonoa ere formatu digitalean saltzeko sisteman sartuko dira. Online salmenta sistema martxan jartzeak Amurrioko PSEk ekitaldi honetako aurrekontua onartzeko EAJrekin adostutako proposamenetako bat betetzen du.

Sarreren online salmenta

Ikuskizunetarako sarreren salmenta, orain arte bezala, ekitaldi bakoitza baino bi aste lehenago aktibatuko da. Salmentako lehenengo eguna Amurrio Antzokiko bazkideentzat egongo da erreserbatuta, sarrera beherapenarekin erosteko. Une horretatik aurrera, salmenta ikus-entzule guztientzat egongo da zabalik. amurrioantzokia.eus helbidean erabilgarri egongo den sistema digitalaz gain, sarrerak Kultur Etxean edo, ekitaldiaren egunean bertan, antzokian bertan eskuratu ahal izango dira.

Sarrerak online salduko dituen lehen ikuskizuna urtarrilaren 2ko bertso jaialdia izango da. Horretarako sarrerak datorren astean jarriko dira salgai, abenduaren 21ean bazkideentzat eta abenduaren 22an jende guztiarentzat.

Zinebonoa

Zinea maite dutenek 2021eko Zinebonoa erosi ahal izango dute Kultur Etxean, 12,55 euroko prezioan, iaz bezala, eta horren titularrak Amurrio Antzokian programatuko diren lau zine saiotarako sarrerak izango ditu. Aurten bizi izan dugun ez ohiko egoera dela eta, 2020ko Zinebonoak ez dira 2021eko urtarrilaren 31n iraungiko, eta Zinebono digitala martxan jarri arte izango dute balioa. Aurreikuspenen arabera, Zinebono digitala udaberrian jarriko da martxan, zineko sarreren online salmentarekin batera. Hala, norbaitek une horretan kartoizko zinebonoren bat trukatu gabe badu, ez ditu saioak galduko, eta sistema berrira egokitutako 2021erako saioetarako sarrerak emango zaizkio.

2021eko zinerako sarrerek aurtengo prezio berarekin jarraituko dute, haurrentzako eta ikuslearen eguneko saioek 3,75 euroko prezioa izango dute, eta helduentzako saioek 5 eurokoa.

 

Fidelizazio kanpaina

Urtero garai hauetan bezala, Amurrio Antzokiak fidelizazio  kanpaina egin du bazkide txartelaren bidez. Txartel horrek hainbat abantaila eskaintzen dizkie zuzeneko ikuskizunetara maiz joaten direnei. Datorren urtean Amurrio Antzokiko bazkideek % 15etik % 35era bitarteko beherapenak izango dituzte zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak erostean.

 

Prezioen taula

Ikuskizunaren prezioa Bazkideentzako prezioa
3€

4€

5€

6€

8€

9€

10€

11€

12€

13€

14€

15€

2€

3€

4€

5€

6€

7€

8€

9€

10€

11€

12€

13€

 

Zuzeneko ikuskizunetako sarreretako deskontuez gain, bazkideek lehentasuna izango dute horiek eskuratzeko orduan. Horrez gain, Zinebono bat jasoko dute eta Amurrio Antzokiaren informazioa bidaliko zaie posta elektroniko bidez. 2021erako bazkide txartelaren prezioa iazko bera izango da, 21 eurokoa, eta Kultur Etxean eskatu ahal izango da.