Albisteak

Herritarrei gogorarazten diegu udal-arautegiak zenbait hobari ezartzen dituela ondasun higiezinen gaineko zergan

Udal-arautegiak OHZn (ondasun higiezinen gaineko zerga) hobari batzuk ezartzen ditu, esate baterako hauentzat: Administrazio Batzarretako batean kokatutako etxebizitzentzat, landa-lursailentzat eta familia ugarien titularrentzat. Hurrengo laukian azalduta daude zehaztasun handiagoz. Hobariak haien artean bateraezinak izango dira eta interesdunak eskatuta emango dira. Eskaeraren hurrengo ekitaldian aplikatuko dira. OHZ, aldiro-aldiro kobratzen diren gainontzeko zergen moduan, nahierako ordainketa-sistemaren (SEP) barnean sar daiteke.

OHZren (ondasun higiezinen gaineko zerga) HOBARIAK

  • Aloria, Artomaña, Baranbio, Delika, Larrinbe, Lekamaña, Lezama, Saratxo edo Tertangako Administrazio Batzarrean dauden etxebizitzak, baldin eta titularrak bertan erroldatuta badaude: % 50.
  • Naturgune babestuetan kokatutako landa-lursailak, basoa edo plantazioak badituzte: % 95.
  • Familia ugarien titularrak, familia-egoitza diren higiezinen kasuan: hobarien ehunekoa familiaren diru-sarreren araberakoa izango da.
  • Pertsonen ohiko bizileku diren etxebizitzak, honako errenta hauek baino baxuagoak badituzte:

a) Urtean 10.296 euro, subjektu pasiboa soilik bizi bada etxebizitzan eta familia-unitateko parte bada.

b) Urtean 15.444 euro, etxebizitzan bi pertsona bizi badira edo familia-unitateak bi kide baditu.

c) Urtean 21.000 euro, etxebizitzan bi pertsona baino gehiago bizi badira edo familia-unitateak bi kide baino gehiago baditu.

Ezinbesteko baldintza izango da familia-unitateko edo etxebizitzan bizi den kideetako inork ez izatea beste etxebizitzarik Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hobaria % 99koa izango da.

  • Etxebizitza Hutsen Programaren esparruan lagatzen diren ondasun higiezinak: % 10.
  • Autokontsumorako eguzki-energia edo beste energia berriztagarriren batengandik eratorritako aprobetxamendu termiko eta elektrikoko sistema berriak instalatuta dituzten etxebizitzak. Hobariaren ehunekoa errentaren araberakoa izango da.

zerbitzu-ekonomikoen-izapideak

Amurriok Udal Berdintasun Plan berria egiteko herritarren partaidetzarako saio bat deitu du

Amurrioko Udala bere V. Berdintasun Plana egiteko lehen pausoak ematen hasi da. Horretarako, gauzatu aurretik, deialdi ireki bat egingo du Udalak, Amurrioko emakumeen bizitzan eragiten duten alderdiei buruzko eskaera sozial, iritzi, baldintza, behar eta pertzepzio nagusiak zeintzuk diren jakiteko. Informazioa biltzeko saioa apirilaren 21ean izango da, 18:00etan, eta parte hartu nahi dutenek apirilaren 19a baino lehen eman beharko dute izena.

Gaur egun, berdintasun-diagnostikoa egiteko puntuan gaude, eta, horretarako, udalerriko emakumeen iritzia jaso nahi dugu. Programatutako saioaren bidez, Amurrioko egungo egoerari buruzko informazioa lortu nahi da, eta Udalak azken urteetan bultzatu dituen berdintasun-politiken eragina eta emaitzak ezagutu. Deialdi honetatik ateratako ondorioak, antzemandako premiei erantzungo dien V. Berdintasun Plana egiteko abiapuntuetako bat izango dira, eta plana behin betiko onartu aurretik, herritarrekin kontrastatuko da.

“Aurretik diagnostiko on bat egitea funtsezkoa da Amurrioko V. Berdintasun Plana berme osoz gauzatzeko. Plan horrek udalerriko emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gainditzeko politika publikoak bultzatzen jarraitzeko beharrari erantzungo dio”, azaldu du Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak.

Lan-saioa apirilaren 21ean izango da, 18:00etan, eta informazioa biltzeko prozesu horretan parte hartu nahi duten emakume guztientzat zabalik dago. Jasaten ari garen osasun egoera dela eta, parte hartzeko beharrezkoa izango da izena ematea apirilaren 19a baino lehen, berdintasuna@amurrio.org helbidera mezu elektronikoa bidaliz edo 945 89 11 61 telefono zenbakira deituz eta Berdintasun teknikariaz galdetuz. Bilkura non egingo den inskripzio kopuruaren arabera erabakiko da, eta, beraz, inskripzioa egin ondoren, bertaratutakoei jakinaraziko zaie. Gainera, saio horren ondoren, bide telematikoak gaituko dira lanaldira joan ezin izan diren emakumeek euren ekarpenak egin ditzaten.

Amurrioko Kultur Etxeak arropen kontsumo arduratsua sustatzeko tailerra jasoko du

Apirilaren 20an, “Zer ezkutatzen da zure arroparen etiketen atzean?” tailerra egingo da Amurrion. SETEM Hego Haizeak eta Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak antolatutako saioak arropa kontzienteago eta arduratsuago kontsumitzeko tresnak eskainiko zaizkie parte-hartzaileei.

Tailerra, Espainiako Estatuan Arropa Garbia Kanpaina koordinatzen duen SETEM GGKEko prestatzaileek emango dute, eta egun esanguratsuan izango da, apirilaren 24tik, Bangladesheko Rana Plaza erori zenetik 8 urte beteko diren egunetik, gertu, hain zuzen ere. Hori dela eta, antolatzaileek, saioan parte hartzera eta dugun janzteko moduari buelta ematera animatzen dituzte herritarrak.

Arropa kontzienteago eta arduratsuago kontsumitzeko tresnekin batera, “Fast Fashion” delakoak gizartean, ingurumenean eta osasunean dituen eraginak erakutsiko ditu tailerrak, eta baita industria horren kutsadura eta ustiapena, eta batez ere emakumeen eta haurren esplotazioa, murrizteko giltzarriak ere.

Doako aldez aurretiko izena ematea

Tailerra Amurrioko Kultur Etxean izango da, asteartean, apirilaren 20an, 18:00etan. Doako jardunaldia da, baina aldez aurretik izena eman beharko da berdintasuna@amurrio.org helbidera idatziz.

Amurrio Bideanek udalerriko industria sarea bisitatuko du ekonomia suspertzeko ekintzak diseinatzeko

Apirilean eta maiatzean, Amurrio Bidean agentziako langileek hitzordua izango dute udalerriko enpresekin banakako elkarrizketak egiteko, industria-sarearen bultzada ekonomikoa indartzeko ekintzak diseinatzeko informazioa biltzeko.

Trakzio-enpresak, tamaina handikoak izanik, egoera ekonomiko zaila pasatzen ari dira; horregatik, azterketa honen bidez jakin nahi da nola eragiten dien egoerak udalerrian dauden gainerako industria-enpresei.

Apirila eta maiatza bitartean enpresek informazioa biltzeko bisita egin ondoren, ekainean azterketa bat egingo da, urteko bigarren seihilekotik aurrera ekonomia suspertzen laguntzeko ekintzak proposatu ahal izateko.

Era berean, inkestatutako enpresek, azterlanari emandako datuekin, txosten bat jasoko dute, non jasoko baitira garapen-agentziak identifikatzen dituen laguntza publikoko zein pribatuak, epe labur eta ertainean enpresaren lehentasunezko proiektu edo ekintzei laguntzeko.

Eskualdeko ekoizpen-ereduan izandako aldaketek eta pandemiaren ondoriozko langabezia-tasa altuak (% 15,32) (2021eko otsaileko datua) egoera ekonomiko gogorra erakusten dute epe labur eta ertainean.

Amurrioko ekonomia nagusiki industrian oinarritzen da; sektore horrek udalerrian duen balio erantsi gordina % 60,59koa da (2018an, eskuragarri dagoen azken datua). Lan eta Immigrazio Ministerioaren arabera, 2020ko abenduan 44 industria-enpresa zeuden udalerrian 2.153 lanpostu sortzeko, hau da, enpresen % 11,1ek enpleguen % 55,3 sortzen dute. Gainera, azken urtean 20 industria-enpresa desagertu egin dira iturri honen arabera. Horregatik guztiagatik, industria-sektoreak arreta berezia merezi du.

Amurriok 2021erako Ingurumen Programa onartu du

Amurrioko Udalak, Ingurumena Kudeatzeko Europar Batasuneko EMAS Sistema du ezarrita, eta ingurumen arloko alderdi esanguratsuei eta hautemandako arrisku eta aukerei aurre egiteko beharrezko ekintzak ezartzen dituen 2021erako Ingurumen Programa bat onartu du.

Udalerriaren testuingurua aztertu ondoren, onartutako Ingurumen Programak 21 ekintza jasotzen ditu, guztiak ere Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak. Ingurumen arloko alderdi esanguratsuetatik datozen 9 helburuak nabarmentzen dira, eta horiek 10 ekintzatan islatuko dira. Bestalde, programa, antzemandako arrisku eta aukeretatik ateratako beste 11 ekintzarekin osatzen da.

Amurrioko Udalak, 2021eko Ingurumen Programaren barruan, antzemandako 9 helburu hauek betetzean datzaten ingurumen arloko alderdi esanguratsuei heltzea proposatu du:

  • Udal horniduraren bajako sareko galerak murriztea.
  • Saneamenduko udal-sare bereizleak egiteko bidean aurrera egitea.
  • Etxebizitza-sektorean energia berriztagarrien sorkuntza handitzea.
  • urtearekin alderatuta legeztatutako jarduera kopurua handitzea.
  • Ekitaldiak eta bilerak antolatzeko orduan ingurumen arloko irizpideak sartzea.
  • Udaletxeko paper kontsumoa murriztea.
  • Udaletxeko energia kontsumoa murriztea.
  • Udalerria klima-aldaketa dela eta aurreikusitako aldaketetarako prestatzea, klima-aldaketara egokitzeko estrategiaren bitartez.
  • Bisita gidatu kopurua handitzea; horretarako, Goikomendi-Kuxkumendi parkeko ikaztegiaren estalkia konponduko da.

Era berean, hautemandako aukerei eta arriskuei aurre egiteko beste ekintza batzuk planifikatu ditu Udalak. Ekintza horien artean daude, besteak beste, Armuru errekaren proiektu integrala gauzatzea, argiteria publikoa berritzeko proiektu integrala amaitzeko plangintza egitea, udalerriko hainbat sektoreri energia-eraginkortasunari buruzko aholkularitza ematea, ekonomia zirkularra bultzatzea, Mendi Publikoaren Antolamendu Plan berriaren garapenean klima-aldaketara egokitzea, 109 hektarea basoberritzeko proiektua idaztea eta 7,9 hektarea basoberritzeko proiektua gauzatzea, Akuiferoen urrakortasun eremuan gaitasun hidriko handiko espezieak landatzea eta espezie inbaditzaileen inbentarioa egitea, horien jarraipena egiteko.

Udalaren Ingurumen Politika onartzea

Martxoaren 25ean egin zen Amurrioko Udalaren osoko bilkuran, Udalbatzak aho batez onartu zuen udaleko Ingurumen Politika, 2000. urteko akordioa berrituz. Datozen urteetarako onartutako dokumentuak ingurumena eta udal baliabideak eraginkortasunez zaintzeko eta kudeatzeko konpromisoa hartzen du, herritarren bizi-baldintzen eta -kalitatearen hobekuntza kontuan hartuta.

 

Amurriok bertan behera utzi du 2021eko San Prudentzio ospakizuna

Covid-19ak sortu duen egoera dela eta, Amurrioko Udalak San Prudentzio eguna ohi bezala, karakol-janarekin eta danborradarekin, ez ospatzea erabaki du. Jarduera horiek ez egitea egungo osasun-egoeraren eta erakundeek hartutako neurrien ondorio da. Amurrioko Udalak, pandemia hasi zenetik egin duen bezala, dei berezia egiten die herritarrei pilaketak saihesteko.

Egoera gorabehera, jai eguna da arabarrentzat eta, beraz, San Prudentzio bezperan, apirilaren 27an, danborradaren soinua entzungo da kaleko megafoniatik eta, hurrengo egunean, 12:00etatik 14:00etara musika jarriko da, denok alaitzeko.

“Amurrioko bizilagunak danborra jotzera balkoietara irten ginen urtearen ostean, normaltasun apur bat berreskuratzen ari gara, eta horrek duela urtebete hain urrun ikusten genituen gauzak egitea ahalbidetzen digu. Hala ere, erantzukizun kolektiboa dela eta, aurten ez dugu San Prudentzio eguna orain arte egin dugun bezala ospatuko, jende pilaketak ahalik eta gehien ekidin behar ditugu, gure udalerrian izaten ari den kasuen eragin txikiari eusteko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak Amurrioko Kultur Etxera hurbilduko ditu bere doako zerbitzuak

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak (AECC Araba), Amurrioko Udalaren laguntzarekin, minbizia duten pertsonei eta haien senideei arreta emateko dituen laguntza psikologikoko eta sozialeko doako zerbitzuak hurbilduko ditu udalerrira. Zerbitzuak apirilaren 12tik aurrera hasiko dira Kultur Etxean.

Pauso berri horri esker, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak orain arte, duela 30 urtetik, Gasteizen eman dituen zerbitzuak Amurrion ere emango ditu. “Arabako Elkarteak duen lehentasuna, ahal den neurrian, ditugun doako zerbitzu guztiak bideratzea da, eta arreta ona ematea minbizia pairatzen ari diren pertsonei eta haien senideei”, azaldu dute elkartetik.

Arreta psikologikoa eta soziala Amurrioko Kultur Etxeko lokal batean emango da apirilaren 12tik aurrera. Hortik aurrera, bai psikologoak bai gizarte-langileak astelehenero emango dute arreta Amurrion, 10:00etatik 15:00etara. Gerturatu aurretik, hitzordua hartu beharko da, 945263297 telefono-zenbakirara deituta edo alava@aecc.es helbidera idatzita.

 

 

 

Apirilaren 7an Amurrion izango den Itzulia Basque Country 2021eko etapari buruzko informazioa

Aparkaleku erreserbatuak. Debekatuta dago apirilaren 6ko 7:00etatik aurrera ibilgailuak leku hauetan aparkatzea:

  • LUCAS REY KALEA, MENDIKO BIRIBILGUNEAREN ETA FEDERICO BARRENENGOAREN ARTEAN
  • FEDERICO BARRENENGOA KALEA, LUZERA OSOAN, FELIX MURGAKO BIRIBILGUNEAREN BI ALDEETAN

 

Aparkaleku erreserbatuak. Debekatuta dago apirilaren 7ko 7:00etatik aurrera ibilgailuak leku hauetan aparkatzea:

  • ARABA KALEA, ELEXONDOTIK ELIZAKO BIRIBILGUNERAINO
  • ELIZAKO APARKALEKUA
  • ARMURUBENTA KALEA ELEXONDO KALETIK FELIX MURGA
  • GOIKOLARRA PLAZA

 

Apirilaren 7an, 8:00etatik aurrera, Elexondo kalea itxi egingo da; herritarrei eta lineako autobusei bakarrik utziko zaie pasatzen.

Etaparen irteera 13:00etan izango da, Elexondo kalean, eta ibilbide neutralizatua izango du: elizako biribilgunea, epaitegiko biribilgunea, Landaburu kalea, San Joseko biribilgunea, Zabaleko, Arenalde, Goikolarra, Mendiko, Olibondoko biribilgunea, Felix Murga, epaitegiko biribilgunea, elizako biribilgunea, Bañuetaibar, Ugarteko biribilgunea, KM0 seinaleraino.

Amurrioko Udalak eta Itzulia Basque Country 2021eko antolakuntzak gogorarazi nahi dute aurtengo edizioa ikuslerik gabe eta indarrean dauden osasun-neurri guztiak errespetatuz egingo dela. Zaleei antolatzaileek eta osasun agintariek emandako gomendioak zorrotz betetzea gomendatzen zaie.

 

 

 

 

Apirileko oporraldian, konekta zaitez euskaraz

Apirilaren 6, 7, 8 eta 9an hainbat proposamen egingo ditugu, ONLINE ETA ZUZENEAN.

Gainera, gurekin zuzenean hitz egiteko eta galderak zein ekarpenak egiteko aukera izango duzue.

ADINA: 11-16 URTE

ORDUA: 11:30

PLATAFORMA: www.labur.eus/euskarazkonektatu

APIRILAREN 6A TAILERRA

– Etxean eginiko proiektorea

– Etxean eginiko bozgoragailua

APIRILAREN 7A SUKALDARITZA

– Patata tortila pintxoa

– Odoloste trufak

– Gazta tarta

APIRILAREN 8A DANTZA

– Izaskun del Cerrorekin zumba saioa

APIRILAREN 9A LEHIAKETA

– Lortuko al dugu denon artean igarkizun guztiak asmatzea?

Oharra: azken erantzuna ematen duenak saria jasoko du.

EUKARA GOZATU, AHOZ AHO, BELARRIZ BELARRRI ETA BIHOTZEZ BIHOTZ

Antolatzailea: Aiarako Kuadrilla

Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak lankidetza-hitzarmena berritu dute

Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak duela urte batzuetatik daukaten lankidetza hitzarmena berritu dute gaur goizean. Ganigerako (Indiako Anantapur barrutia) 43 familiari etxebizitza duin bat eman nahi die proiektuak, eta Udalaren laguntza 10.000 eurokoa izango da.

Proiektuaren bidez, etxebizitza duina izateko eskubidea sustatzen eta bermatzen da, generoaren ikuspegitik egokia izango den saneamenduarekin. Proiektuak 43 pertsonaren (42 emakume eta gizon 1) eta haien familien gizarte, ekonomia eta ingurumen arloko zaurgarritasuna murriztu nahi du. Aurreikusitako inpaktuak bi eremutan du eragina: alde batetik, osasuna eta higienea hobetzea, etxebizitza berriaren ezaugarriei eta oinarrizko saneamendu-sistema bat ezartzeari esker; eta, bestetik, familia onuradunen estatusa eta posizio soziala hobetzea, batez ere emakumeen kasuan, eraikitako etxebizitzen jabeak izango baitira.

Etxebizitzak eraikitzeaz gain, higieneari buruzko sentsibilizazio-tailerrak ere egingo dira, bainugela- eta komun-azpiegitura berrietara egokitzeko, eta higiene- eta osasun-ohitura onen inguruko kontzientzia areagotzeko.

Proiektuak, gainera, Ganigera komunitateko familiek beren burua antolatzeko duten gaitasuna garatzea eta ahalduntzea sustatuko du, prestakuntzaren eta eraikuntza-batzordea sortzearen bidez. Familia parte-hartzaileek eurek egingo dute materialak erosteko eta etxebizitzen eraikuntza monitorizatzeko prozesuaren parte bat, eta horrek areagotu egingo du proiektua beraiena izatearen sentimendua, proiektuaren fase guztietan parte hartuko dutelako.

Proiektu honen hartzaile zuzenak 43 pertsona eta haien familiak izango dira; guztira 182 pertsona dira (95 emakume eta 87 gizon), eta horien artean 60 mutiko eta 59 neskato daude. Azpimarratzekoa da azken horiek, umeak, izango direla jarduera honen onuradun nagusiak, eskolako errendimendu hobea sustatuko baita, ikasteko espazio egokiagoa izango delako.